Debako Udalak eta Altxa Burua taldeak haur, nerabe eta gazteen ongizate digitala sustatzeko dekalogoa bultzatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala

Arg.: Debako Udala

Altxa Burua Deba-Itziarrek eta Debako Udalak mugikorren erabilera arduratsurako irizpideak sustatu dituzte kirol, kultura eta aisialdi esparruetan. 

Debako Udalak eta Altxa Burua Deba-Itziar taldeak herriko kirol, kultur eta aisialdi taldeei zuzendutako dekalogoa bultzatu dute, gailu digitalen erabilera arduratsua sustatzeko eta haur, nerabe eta gazteentzako ingurune seguruak eta osasungarriak sortzeko helburuarekin.

Dekalogoa maiatzean eta ekainean herriko hainbat elkarterekin egindako lanketa-prozesuaren emaitza da. Besteak beste, kirol, kultura eta aisialdiko taldeek eta Mogel eta Luzaro guraso elkarteek parte hartu zuten prozesuan. Saioak Telmo Lazkanok, hezitzaile eta osasun digitalean adituak, dinamizatu zituen, eta digitalizazioak planteatzen dituen erronkei buruz hausnartu eta adingabeekin teknologien erabileran laguntzeko irizpide bateratuak adostu ziren.

Dokumentuan jasotzen diren neurri nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:

  • Aldageletan gailu adimendunen erabilera saihestea, erabiltzaile guztien pribatutasuna bermatzeko.
  • Arduradun kirolarien eta 16 urtetik beherako kirolarien arteko harreman egokia zaintzea,
    adingabeak sare sozialetako kontu pribatuetan ez gehituz.
  • Aurrez aurreko komunikazioa lehenestea eta adingabeekin komunikatzeko familiek edo tutoreek parte hartzen duten zabalkunde-kanalak erabiltzea.
  • Deskonexio digitala sustatzea, gaueko 21:00etatik aurrera mezurik ez bidaltzea, beharrezkoak edo premiazkoak diren egoeretan izan ezik.

Dekalogoa ikasturte berrian aplikatuko da

Ikasturte berriarekin batera, ekimenera atxikitako elkarteek jarduera arruntetan aplikatuko dituzte irizpide hauek. Horiek ezagutarazi eta gogorarazteko, informazio-kartelak jarriko dira kirol guneetan, hala nola harmaila eta aldageletan.

 

Era berean, elkarteek dekalogoaren edukia jasotzen duen gutun informatiboa helaraziko diete familiei, eta gomendio horiek betetzen laguntzeko haien lankidetza eskatuko dute.

Neurri hauen helburua ez da arauak ezartzea soilik, baizik eta arrisku egoerak prebenitzea, haur eta nerabeen eskubideak babestea eta jarduerak ingurune seguru eta osasungarri batean garatzen direla bermatzea.

Ekimen hau Altxa Burua Deba-Itziar taldeak eta Debako Udalak teknologiarekin harreman orekatua sustatzeko duten konpromisoaren barruan kokatzen da; teknologiaren onurak balioan jarriz eta erabilera desegokiak sor ditzakeen ondorio negatiboak murriztuz.