"Guztiona dena errespetatu egin behar da"

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala

Debako Udalak geltoki zaharrean kokatutako transformadorean dagoen muralaren gainean egindako pintada gaitzetsi du eta guztionak diren espazio publikoak zaintzeko deia egin du beste behin.

Debako Udalak bere gaitzespenik irmoena adierazi du geltoki zaharrean kokatutako Iberdrolaren transformadorean dagoen muralaren gainean egindako grafitiaren harira. Mural hori esku-hartze artistikoa da, udalerriko espazio publiko bat hobetzeko eta edertzeko helburuz Udalak sustatua.

Ekintza hau ez da isolatua. Elementu hori murala egin aurretik ere margotua azaldu zen eta orain berriro gertatu da; pintada berdina, sinadura berarekin, herritar guztien gozamenerako sortutako obra baten gainean. Ekintza hori behin eta berriz egin izanak Debako bizilagun guztiena den espazio batekiko errespetu falta erakusten du.

Baliabide publikoekin hiri-ingurunea hobetzeko egindako obra bat kaltetzea ez da adierazpen-modu bat: ekintza bandaliko bat da, eta, batez ere, errespetu falta bat mural hori sortu duen pertsonaren lanarekiko, proiektua bultzatu dutenekiko eta herriko espazio publikoak erabiltzen dituzten eta haietaz gozatzen duten Debako herritar guztiekiko.

Espazio publikoak guztionak dira. Horiek zaintzea, errespetatzea eta mantentzea erantzukizun partekatua da. Guztion artean eraikitzen dena ezin dute pertsona gutxi batzuek suntsitu.

Debako Udaletik errespetuaren, bizikidetzaren eta gure herriaren zaintzaren aldeko deia egiten dugu. Adierazpen-askatasuna ezin da inoiz guztiona dena kaltetzeko justifikazio gisa erabili.

Hau al da nahi dugun herria?

Deba guztion artean eraikitzen da. Errespetua ere bai.