Debako Udalak Elorriagako aparkalekura sartzeko hesi berria martxan jarri du, aparkalekuaren antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko helburuarekin. Sistemak matrikulak irakurtzeko gailua eta altuera detektagailua ditu, eta ibilgailuen sarrera automatikoki kudeatzen du, aparkalekuaren gehienezko edukiera, 72 plaza, eta baimendutako gehienezko altuera, 2,10 metro, kontuan hartuta.
Sistema berriarekin, aparkalekuak gehienezko edukiera betetzen duenean, hesiak ez du ibilgailu berrien sarrera baimenduko. Era berean, 2,10 metroko altuera gainditzen duen ibilgailu bat detektatzen duenean ere ez da irekiko.
Larrialdi-egoerei erantzuteko, Udaltzaingoarekin konektatutako interfono bat instalatu da, eta haren bidez hesia urrutitik ireki ahal izango da. Gainera, Udaltzaingoaren arreta-ordutegitik kanpo, QR kode bidezko sistema bat egongo da erabilgarri, beharrezkoa denean hesia ireki ahal izateko.
Bi mekanismo horiek larrialdi-egoeretarako soilik daude aurreikusita. Udaltzaingoak sistemaren kudeaketa-softwarearen bidez kontrolatu ahal izango du haien erabilera, eta erabilera desegokia antzemanez gero, dagozkion neurri zigortzaileak hartu ahal izango ditu.