Debak komun autogarbigarria izango du zumardiko kioskoaren ondoan

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala

Arg.: Debako Udala

Komun berriak aurrekontu parte-hartzaileen bidez jasotako proposamen bati erantzuten dio, eta urtea amaitu aurretik martxan egotea aurreikusten da.

Debako Udalak beste urrats bat emango du udalerriko zerbitzu publikoak hobetzeko, zumardiko kioskoaren inguruan komun autogarbigarri berria jarriz. Jarduera hau aurrekontu parte-hartzaileen bidez jasotako proposamenetako bat izan zen, eta Udalbatzak beharrezko finantzaketa onartu du, gauzatu ahal izateko.

Irailaren 24an egindako osoko bilkuran onartutako kreditu aldaketak 40.000 euroko diru saila jasotzen du komun autogarbigarria instalatzeko. Jarduera honen bidez, espazio horretan erabiltzaileen beharretara egokitutako zerbitzu publiko berri bat eskainiko da.

Udalak aurreikusten du ekipamendu berria urtea amaitu aurretik instalatuta eta martxan egotea. Horretarako, aurrez beharrezko prestaketa-lanak egingo dira, besteak beste, kanalizazio lanak eta hormigoizko oinarriaren exekuzioa.

Aurreikusitako eredua erabilera publikoko kabina automatikoa da, eta irisgarritasun neurriak izango ditu, hala nola helduleku-barra, konketaren instalazioa eta funtzionamendu automatikoko sistemak, herritar guztiek erabiltzeko moduko espazioa izan dadin.

Horrez gain, kreditu aldaketa berak Hondartza kaleko barandak jartzeko 17.000 euroko diru saila ere jasotzen du. Jarduera honen helburua ingurune horretako segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea da.

Udaletik nabarmendu dutenez, jarduera hauek Debako espazio publikoak hobetzeko eta herritarren beharrei erantzuteko konpromisoaren barruan kokatzen dira, aurrekontu parte-hartzaileen bidez jasotako proposamenak kontuan hartuta.