Debako Udalak jakinarazi du datorren astelehenean, urriaren 19an, Pasealeku Estalia berritzeko lanen bigarren fasea hasiko dela, Hondartza kalean. Jarduketa horrek aurtengo apirilean amaitutako lehen faseari jarraipena emango dio, eta espazioaren erabilera-baldintzak hobetzea izango du helburu, bertako produktuen azoka egiteko eta urte osoan zehar hainbat kultur eta gizarte-jarduera antolatzeko aukera errazteko.
Bigarren fase honetan, eraikinaren alboetako batean beirazko itxitura partzial bat jarriko da, oinezkoentzako sarbideak izango dituen horma-gortinako sistema baten bidez. Horrez gain, motordun olan bilgarriak instalatuko dira, beharrezkoa denean espazioko zenbait eremu eguraldi txarretik babesteko. Proiektuak Pasealeku Estaliaren izaera irekia mantenduko du, baita tren-geltokiaren eta Zumardiaren arteko oinezkoentzako igarobide gisa betetzen duen funtzioa ere.
Era berean, instalazio elektrikoak egokitzeko, argiztapena hobetzeko eta euri-urak biltzeko lanak egingo dira. Jarduketa horiei esker, espazioa hainbat erabileratara egokitu ahal izango da, hala nola bertako produktuen salmentara, kultur jarduera txikietara, aldi baterako erakusketetara eta udalerriko bestelako ekimenetara, eraikinaren balio historikoa eta arkitektonikoa errespetatuz.
Bi fasetan banatutako esku-hartzea
Birgaitze-lanen lehen fasea, 2026ko apirilean amaitutakoa, eraikina konpontzera eta kontserbatzera bideratu zen, eraikuntzan antzemandako kalteak konpontzeko helburuarekin. Lan horiek amaituta, bigarren fasean espazioa egokitzeko jarduketak egingo dira, kanpoko eguraldi-baldintzen aurrean babes handiagoa eskaintzeko eta erabilera-aukerak zabaltzeko.
Bigarren faseko proiektua Taper Arkitektura estudioak idatzi du, eta 258.980,95 euroko aurrekontua du, BEZa barne, obrak kontrata bidez gauzatzeko. Lanak 2026ko azaroaren 30a baino lehen amaitzea aurreikusten da.
Obrek irauten duten bitartean, baliteke Pasealeku Estaliaren inguruan unean uneko eragozpenak sortzea. Lanak dagozkien segurtasun- eta seinaleztapen-neurriak hartuta egingo dira, eta Udalak herritarrei jakinaraziko die oinezkoentzako sarbideetan edo ibilbideetan egin beharreko aldaketen berri.