Debako Gaztelekuak ateak irekiko dizkie familiei urriaren 27an eta 29an

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala

Arg.: Debako Udala

Saioak 19:00etan izango dira, eta familiek udal zerbitzuaren instalazioak, hezitzaile taldea eta hezkuntza-proiektua ezagutzeko aukera izango dute.

Debako Udalak ate irekien bi jardunaldi antolatu ditu Gaztelekuan, urriaren 27an eta 29an, 19:00etan, 2026-2027 ikasturtean Gaztelekuan hasi diren nerabeen familiei udal zerbitzua gerturatzeko helburuarekin. Saioak Gaztelekuaren instalazioetan egingo dira, Osio kaleko 7. zenbakian, eta familiek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte zerbitzuaren funtzionamendua, hezitzaile taldea eta bertan egiten diren jarduerak.

Jardunaldietan, familiek instalazioak bisitatzeko, nerabeei laguntzen dieten gizarte hezitzaileak ezagutzeko eta Gaztelekuaren hezkuntza-proiektua gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Saio bakoitzaren amaieran, nerabeek eurek prestatutako mokadutxo bat eskainiko da.

Nerabeentzako aisialdi hezitzaileko gunea

Gaztelekua 12 eta 17 urte bitarteko nerabeei zuzendutako zerbitzu publiko, euskaldun, doako eta profesionala da. Aisialdia eta hezkuntza uztartzen ditu, eta nerabeen arteko harremanak, garapen emozionala eta autonomia sustatzen dituen elkargune eta bizikidetza-gune bat eskaintzen du.

Zerbitzuak nerabeen parte-hartze aktiboa sustatzen du jardueren antolaketan, haien interesak, iritziak eta proposamenak kontuan hartuta. Horretarako, nerabeen garapen pertsonalean bidelagun diren gizarte hezitzaileez osatutako taldea du, eta herriko nerabe guztiei irekitako ingurune inklusibo eta parte-hartzailea sustatzen du.

[Irakurri HEMEN gurasoentzako diptiko informatiboa]

Gaztelekuak 300 metro koadro inguruko lokala du, eta sukaldea, proiekzio-gela, mugimendurako gunea, atseden hartzeko txokoak eta aisialdirako hainbat baliabide ditu, hala nola futbolina, ping-pong mahaia, billarra eta mahai-jolasak. Ohiko jarduerez gain, oporraldietan irteerak eta hezkuntza-jarduerak antolatzen ditu zerbitzuak, baita 15 eta 17 urte bitarteko nerabeen autonomia eta erantzukizuna sustatzeko proiektu bereziak ere.

Ordutegia eta kokalekua

Gaztelekua Osio kaleko 7. zenbakian dago, Deban, eta asteartetik ostegunera 17:00etatik 19:00etara irekitzen da; ostiraletik igandera, jaiegunetan eta jai bezperetan, berriz, 17:00etatik 20:30era.

Interesa duten familiek bi jardunaldietako edozeinetara joateko aukera izango dute, urriaren 27an edo 29an, 19:00etan, zerbitzua gertutik ezagutzeko eta hezitzaile taldearekin dituzten zalantzak argitzeko.

[Irakurri HEMEN gurasoentzako diptiko informatiboa]