Debako informazioa, herritarrengandik gertuago

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala

Arg.: Debako Udala

Bost LED pantaila informatibo jarri dira herriko hainbat gunetan, herritarrek udalerriko intereseko informazioa modu errazago eta irisgarriagoan jasotzeko.

Debako Udalak LED pantaila informatiboak jarri ditu udalerriko hainbat gunetan, herritarrei intereseko informazioa modu zuzenago, ikusgarriago eta irisgarriagoan helarazteko helburuarekin. Ekimen hau aurreko agintaldian onartu zen, eta orain gauzatu da pantailak udalerriko hainbat puntutan instalatuta.

Pantailak honako leku hauetan daude kokatuta: Ifar kalean, igogailuaren ondoan; Zumardian, kioskoaren ondoan; Astillero kalearen hasieran; Mogel kalearen hasieran; eta Udaletxearen azpian.

Euskarri digital berri hauen bidez, herritarren intereseko informazioa zabalduko da, besteak beste, kultur eta kirol agenda, udalerrian egiten diren ekitaldiak, antolatutako jarduerak eta Debako eguneroko bizitzarako garrantzitsuak diren bestelako edukiak.

Gauez itzalita

Pantailak gauez itzalita egongo dira, energia-kontsumoa murrizteko eta argiak inguruko bizilagunei eragozpenik ez sortzeko. Horrela, informazio-zerbitzuaren erabilera eta inguruko bizilagunen atsedena bateratu nahi dira.

Tresna berri honi esker, udaleko informazioa eta udalerriko gaurkotasuna herritarren ohiko joan-etorri guneetan ikusgaiago egongo dira, Deban egiten diren jarduera eta proposamenen berri modu erraz eta erosoan izateko aukera eskainiz.

Pantailen instalazioak 52.586,59 euroko aurrekontua izan du, eta Debegesaren bitartez, Europar Batasunak NextGenerationEU funtsen bidez finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren baitan.

Ekimen honen bidez, Debako Udalak komunikazio kanal berriak sustatzen jarraitzen du, informazioaren irisgarritasuna hobetzeko eta herritarrengana udalerriko intereseko edukiak hurbiltzeko.