Debako Gaztelekua berritu da nerabeen beharrei hobeto erantzuteko

Erabiltzailearen aurpegia Debako Udala

Udalak aisialdirako espazioak egokitu eta ekipamendu berriak jarri ditu, nerabeek egindako eskaerak kontuan hartuta. 

Debako Gaztelekuak espazio berrituak eta ekipamendu berriak ditu, nerabeei aisialdirako aukera gehiago eta instalazio erosoagoak eskaintzeko. Debako Udalak 2025ean eta 2026an egindako hobekuntzek gazteen beharrei eta eskaerei erantzutea izan dute helburu, elkartzeko, jolasteko eta jarduerak egiteko baldintzak hobetuz.

Jarduketek sukaldea, atseden-gunea, mugimendu-gela eta ikus-entzunezkoen gela hartu dituzte barne, besteak beste, eta Udalak 25.000 euro inguru inbertitu ditu guztira.

Debako Udaleko Gazteria zinegotzi Monica de Pradok adierazi duenez, "Gaztelekua nerabeentzako topagune garrantzitsua da, eta gure helburua da bertan ahalik eta baldintza onenak eskaintzea. Egindako hobekuntzek espazioen erosotasuna eta erabilgarritasuna handitu dituzte, eta jarduera gehiago egiteko aukera ematen dute. Aisialdi hezitzailearen eskaintza indartzen jarraitu nahi dugu, nerabeek beren denbora libreaz gozatzeko aukera egokiak izan ditzaten".

Espazio berrituak eta jardueretarako baliabide gehiago

Egindako hobekuntza nagusietako bat sukalde berria izan da. Sukaldaritza-jarduerek nerabeen artean duten harrera ona kontuan hartuta, espazioa berritu eta beharrezko instalazioak egokitu dira, aspaldidanik eskatutako tailerrak eta jarduera praktikoak baldintza egokietan egin ahal izateko.

Atseden-gunea ere eraberritu da, sofa eta altzari berriekin eta aire-hockey joko batekin. Horrela, nerabeek elkarrekin egoteko, atseden hartzeko eta aisialdia partekatzeko espazio erosoagoa dute.

Mugimendu-gelan, tatamia, oreka lantzeko jolasak eta kirol-material berria jarri dira, jarduera fisikoa eta gorputz-adierazpena sustatzeko. Horrez gain, gelako aireztapena hobetu da, leihoak, pertsianak eta aireztapen-saretak instalatuta. Lan horien bidez, espazioaren erosotasuna handitu eta kondentsazio-arazoak saihestu nahi dira.

Bestalde, ikus-entzunezkoen gela egokitu da, zorua margotuta, eta gradak osatzeko sistema instalatu egin da. Espazio horren helburua da taldeko jarduerak eta aisialdi partekatua sustatzea, nerabeen arteko harremanak indartuz eta mugikorren erabileratik atseden hartzeko aukerak eskainiz.

Gaztelekuko eskaintza osatzeko, mahai-jolas berriak eta mugimendua zein taldeko harremanak lantzeko bestelako jokoak eskuratu dira. Teknologiaren txokoa ere eguneratu da, bi ordenagailurekin, tablet batekin eta kamera digital batekin, jardueretarako baliabide gehiago eskainiz.

Nerabeen eskaerak, hobekuntzen abiapuntu

Gazteria zinegotzi Monica de Pradok nabarmendu duenez, "nerabeen eskaerak izan dira hobekuntza hauetako askoren abiapuntua. Garrantzitsua da haien iritziak eta beharrak kontuan hartzea, Gaztelekua benetan erabiltzen dutenen egunerokora egokitzeko. Haien parte-hartzea funtsezkoa da zerbitzua hobetzen jarraitzeko".

Ildo horretan, egindako berrikuntzek nerabeen interes eta beharrei erantzuten diete, bai jarduera berriak egiteko aukerak zabalduz, bai lehendik erabiltzen zituzten espazioak egokituz. Sukaldaritza, kirola, teknologia eta taldeko jolasak uztartzen dituzten baliabideekin, Gaztelekuak aisialdi hezitzailea, autonomia eta nerabeen arteko harremanak sustatzeko eskaintza indartu du.

Udal brigadaren lana eta segurtasunaren hobekuntza

Eraberritze-prozesuan, udal brigadak ere hainbat egokitzapen-lan egin ditu. Besteak beste, sarrerako eta ikus-entzunezkoen gelako zoruak pintura irristagaitzarekin margotu, hormak eta sabaia egokitu, sukaldea instalatu eta kanpoko jolas-guneko saskibaloi- eta futbol-sareak berritu ditu.

Horrez gain, birziklapena sustatzeko zakarrontzi berriak jarri dira, eta instalazioen segurtasuna indartzeko autobabes-plana eta larrialdi-planoak egitea aurreikusi da.

Hobekuntza horien bidez, Debako Udalak Gaztelekuaren aldeko konpromisoa berresten du, nerabeei beren beharretara egokitutako aisialdi-espazio segurua, erosoa eta erabilgarria eskaintzeko.