EAJ/PNV udal taldea ez dago ados Plaza Zaharreko zuhaitza moztearekin

Erabiltzailearen aurpegia EAJ Soraluze 2026ko urtarrilaren 10a

Jeltzaleek galdetzen dute ea gaur egun ez dagoen bestelako aukera edo irtenbide teknikorik zuhaitza moztu beharrean

Soraluzeko EAJ/PNV udal taldearen aldetik, lehenik eta behin adierazi nahi dugu pozik gaudela datorren astean hasiko direlako Kalebarren 24ko eraikinaren eraisketa lanak eta, ondoren, Plaza Zaharra ibaiarekin lotuko duten harmailak eraikitzeko proiektua abian jarriko delako, nahiz eta proiektuaren exekuzioak bi urteko atzerapena izan duen.

Gogorarazi nahi dugu aurreko agintaldian gure udal taldeak eman ziola hasiera desjabetze-prozesuari, ordenazioz kanpo zegoen Kalebarren 24ko eraikina udal jabetzakoa bihurtzeko helburuarekin. Horri esker, eraikina eraitsi eta Plaza Zaharra ibaiarekin lotuko duen proiektua gauzatzeko aukera sortu zen.

Hala ere, joan den abenduan egindako hirigintzako batzordean, batzordeko burua den Unai Larreategi jaunak jakinarazi zigun, teknikarien iritziz, beharrezkoa izango zela eraitsi beharreko eraikinaren ondoan dauden plataneroetako bat gutxienez moztea eta bestea inaustea.

Batzorde horretan bertan, argi eta garbi azaldu genuen gure desadostasuna erabaki horrekin eta galdetu genuen ea gaur egun ez dagoen bestelako aukera edo irtenbide teknikorik zuhaitza moztu beharrean. Azken egunotan, gai honen inguruan alkatearekin harremanetan egon gara posta elektroniko bidez, eta atzo udalaren webgunean irakurri ahal izan genuen datorren astean hasiko direla eraisketa lanak eta “harmailak ezartzeko, zuhaitz bat eta hainbat adar moztu beharko direla nahitaez”.

Soraluzeko EAJ/PNV udal taldearen ustez, erabaki hori ez da egokia, eta horregatik gure desadostasuna adierazi nahi dugu alkateak hartu duen erabakiarekin. Oraindik garaiz gaudela uste dugu, eta horregatik EH Bilduko udal gobernuari eskatzen diogu beste irtenbide bat bilatu dezala, Plaza Zaharreko zuhaitza moztu beharrean.