Soraluzeko EAJ-PNV udal taldeak 2025ean hainbat udal informazio batzordek ez dutela funtzionatu salatu du, eta egoera hori larria dela uste du, aurreko legealdietan aurrekaririk ez duena. Hala adierazi zuen talde jeltzaleak urteko azken osoko bilkuran, abenduaren 11n, EH Bilduk kudeatzen dituen batzorde informatiboen kudeaketaren balantze kritikoa egin zuenean.
Zehazki, EAJ-PNVk Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Industria Batzordearen jarduerarik eza ohartarazi du, 2024ko ekainaren 11tik ez baita deitu. Horrek esan nahi du 18 hilabete baino gehiago igaro direla bilera bakar bat egin gabe, eta, talde jeltzalearen ustez, egoera hori “bereziki kezkagarria” da, 2025eko abenduan langabezia tasa %13ra iritsi baitzen, urteko altuena, 227 langaberekin.
EAJ-PNVk gogorarazi du Kalebarren 8ko enplegu eta gizarteratze zentroa edo Olaldeko lantegi-eskola bezalako proiektuak aurreko agintaldian bultzatu eta martxan jarri zirela. Azken bi urteetan ez da ekimen berririk jarri abian udalerriko egiturazko langabeziari aurre egiteko, Lanbidek finantzatutako aldi baterako programetatik harago, programa horiek lehenago ere egiten baitziren.
“Errealitatea da urte eta erdi daramagula garapen ekonomikorako batzorde bakar bat ere gabe. Horrek asko esaten du EH Bilduren Gobernuaren lehentasunei buruz. Haientzat, badirudi enplegua eta industria ez direla lehentasuna”, adierazi du Iker Aldazabal Soraluzeko EAJ-PNVko bozeramaileak.
Udal taldeak Langileen Batzordearen jarduera eskasa ere kritikatu du, alkatetza buru dela, urte osoan behin bakarrik bildu baita, uztailaren 17an. Bilera horretan aldi baterako kontratazioko hainbat prozesuren berri eman zen, baina, jeltzaleek salatu dutenez, ondoren ez da brigadako langile edota udaltzain berrien laneratzeari buruzko informazio ofizial eta zehatzik eman.
“Udal brigadako langileak eta udaltzainak kalean lanean ikusten ditugu, baina gure udal taldeak ez du informazio formalik jasotzen, ezta aukeraketa prozesuan hautatu diren langileen berri ere. Kudeatzeko modu horrek opakutasuna sortzen du eta seriotasuna kentzen dio lan instituzionalari ”, gaineratu du Aldazabalek.
Horri guztiari udal lanpostuen balorazioak pendiente jarraitzen duela bi urte baino gehiagoren ondoren gehitzen zaio, eta orain arte ez dela inolako adierazpenik, iritzirik edo posizio-hartzerik izan udal plantilla ordezkatzen duten sindikatuen aldetik. Ez-pronuntziamendu hori, gutxienez, deigarria da.
Soraluzeko EAJ-PNVk informazio batzordeak funtsezko tresnak direla udal kudeaketaren gardentasuna, kontrola eta hobekuntza bermatzeko azpimarratu du, eta tokiko gobernuari eskatu diote organo horiek erregulartasunez eta erantzukizunez deitzeko.