Soraluzeko EAJ-PNVren udal taldeak otsailean egin zen Hizkuntza Politikarako batzordean Udala Bikain, Euskararen Kalitate Ziurtagiria berriro aurkezteko urratsak eta gestioak martxan jartzea planteatu du.
Proposamena talde jeltzaleak 2026ko udal aurrekontuaren negoziazioaren esparruan helarazitako ekimenen parte da, eta euskararekiko konpromiso instituzionala indartzea du helburu, Udalaren barne funtzionamenduan presentzia, erabilera eta kudeaketa hobetuz.
Gogoratu behar da Soraluzeko Udalak 2021ean jada lortu zuela Bikain ziurtagiria, tarteko mailan, kanpo ebaluazio bat gainditu ondoren, eta gehienezko 1.000 puntuetatik 700 eta 750 puntu artean lortu zituela. Eusko Jaurlaritzak ematen duen aitorpen ofizial, publiko eta doako honek eremu sozioekonomikoko erakundeetan euskararen normalizazio maila egiaztatzen du.
EAJ-PNVren ustez, orain beste pauso bat emateko eta goiko maila lortzeko unea da. Ildo horretan, Udalak Eusko Jaurlaritzak urtero egiten duen deialdietako batean parte har dezala eskatu diote, zehazki irailean hasi eta abenduan amaitzen den deialdian, maila aurreratuko ziurtagiria lortzeko.
Soraluzeko bozeramaile jeltzaleak, Iker Aldazabalek, adierazi duenez, “euskara gure herriaren nortasun ikurra da, eta kohesio sozialerako funtsezko tresna. Kontua ez da soilik baldintza administratibo bat betetzea, herritarrek udalarekin euskaraz normaltasunez eta kalitatez harremanak izateko duten eskubidea bermatuko duen antolaketa-kultura sendotzea baizik”.
Aldazabalek gaineratu duenez, “Soraluzek 2021ean estandar zorrotzetan kokatzeko gaitasuna duela erakutsi zuen. Orain konpromiso hori berretsi behar dugu eta gobernu taldeari eskatzen diogu anbizioz joka dezala euskararen arloan hobetzen jarraitzeko helburuarekin. Bikain goi mailaren alde egitea Udal hurbilago, eraginkorrago eta gure hizkuntzarekin konprometituago baten alde egitea da”.
EAJ-PNVk eskua luzatu dio gobernu taldeari prozesu honetan elkarrekin lan egiteko, euskara bultzatzeak lehentasun partekatua eta udalerriarentzat etorkizunerako apustu estrategikoa izan behar duela sineztuz.