Soraluzeko EAJ-PNVk, EH Bilduren Udal Gobernuak kulturaren arloan egindako kudeaketa kritikatu du, legealdiaren hasieran iragarritako ekimenak gauzatu gabe jarraitzen dutela argudiatuz, nahiz eta aurrekontu partida espezifikoak izan.
Talde jeltzaleak gogorarazi du 2024ko aurrekontuetan Udal Gobernuak artelanak erostearen eta tokiko ondarea berreskuratzeko eta balioesteko jardueren alde egin zuela. Estrategia horren ondorioz, Udalak Usoa Zumetaren serigrafia bat eta Koldobika Jauregiren “Ocaso” obra erosi zituen.
Hala ere, EAJ-PNVk adierazi du oraindik ez dela zehaztu obra horien behin betiko kokapena, eta Koldobika Jauregiren piezaren kasuan, gaur egun non dagoen ere ez dagoela informazio publikorik.
Horri gehitu behar zaio tokiko ondarea berreskuratzeko proiektuaren atzerapena. Elizaren arkupean eta Arregiako dorretxean informazio panelak jarriko zirela iragarri zen, udalerriko kultur ondareari balioa emateko, baina oraindik ez da zehaztu noiz egongo diren jarrita, ezta herritarrek noiz gozatu ahal izango dituzten ere.
Iker Aldazabal bozeramaile jeltzalearen ustez, egoera horrek proposamenak errealitate bihurtzeko gaitasun falta islatzen du. “Kultura bultzatzearen eta gure ondareari balioa ematearen garrantziarekin bat gatoz, baina ekimenek plangintza, erabakiak eta gauzatzea behar dute. Ez da nahikoa proiektuak iragartzea; garatu eta errealitate bihurtu behar dira”, adierazi du.
EAJ-PNVren ustez, Udal Gobernuak denbora gehiegi ematen du bere garapena zehaztu gabe ekimenak planteatzen, legegintzaldia aurrera doan bitartean, iragarritako proiektuek gauzatu gabe jarraitzen bait dute. Horregatik, kudeaketa egokia eskatzen dute, kultura arloan hartutako konpromisoak udalerriarentzat emaitza ikusgarri bihur daitezen.