(Elkar)bizitza

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Izagirre 2026ko martxoaren 27a

Oso kezkagarria iruditzen zaigu isolamendua, baina interakzio sozial mugatuak izatea eta pertsonez inguratzea konpainia al da? Norbere zaintza ekintza-plan bihurtu dugunetik, ekintza interesgarri/erakargarri/funtzional/ikusgarri egin eta bizi-kalitate hobea dugula sinetsi dugu. Baina gaua iristean, isiltasunean, zer agertzen da? Zenbateraino normalizatu dugu insomnioa? Benetan asetzen gaitu bizi-planteamendu honek ala hustu egiten gaitu? 

Izaki sozialak garela barneratzean badirudi ekintza sozialak direla beharrezkoak, baina gaizki ulertu dugu premisa. Izaki sozialak garela esatean, besteekiko hartu-emanean eraikitzen garela esan nahi du, eta horrek zerikusi handiagoa dauka pertsona horiekiko dugun lotura edo elkar-ulertzean, elkarrekin egingo dugunak baino.

Neuretzat esanguratsua den norbaitekin denbora pasatzea lehenesten dudanean, ahal ditut bizi neure iniziatibaz biziko ez nituzkeen esperientziak, aberastasunerako eta hazkuntzarako bidea irekiz. Gustuko ditudan ekintzak burutzeko jendea bilatzen badut, aktibitate horretan espezialista bihurtzeko bidea eraikitzen joango naiz, baina sozializaziorako gaitasunak ez dira garatuko. Sozializazioa beste pertsona batzuekin batera zerbait egitea baino gehiago da. Identifikazio edo konexio puntu bat dugun pertsonekin erlazionatzea eroso eta atsegina egiten zaigu, baina ezberdintasunen kudeaketan dator ikaskuntza eta aberastasuna.

Badira mila konpatibilitate-froga, eta sinetsia dugu erabat beharrezkoa dela konpatibilitatea elkar ulertzeko, baina non geratu zaigu kuriositatea? Noiz galdu dugu arrotza zaigunarekiko jakin-mina eta sortu zaigu defendatzeko beharra?