Baliozko subjektuak izan nahian, denborari probetxua ateratzeko etengabeko gurpilean gabiltza biraka, zerbaitetan ari garen sentipena izatearren, denbora galtzeak ezerezean uzten gaituen sinesmenarekin. Baina logika hau soltatzeko astirik gabe gabiltzanez, erlazioetara eramaten dugu; erlazioak ere interesen arabera, probetxuzko denbora elkarbanatzeko eta momentuko gogoaren arabera kontsumituz. Honela, kirol lagun-taldea, parranda lagun-taldea, guraso lagun-taldea sortzen dugu… baina osotasunean ezagutzen gaituen norbait ba ote da bertan? Geure burua ezagutzera iritsi ote gaitezke honela? Erlazioak zatituz eta hainbat rol eraikiz.
Ni neu izatea ez al da nahikoa denbora eta espazioa gorpuzteko? Barrenak eskatzen didan lekuan, benetan betetzen nauten pertsonekin egotea bera ez ote, ba, probetxuzkoa? Ez ote du nahikoa balio sozializazio merkatuan?
Egotea, izatea, arnastea, topatzea, gozatzea ez al dira ekintza ederrak? Egindakoen zerrendan ibilbide ikusgarri bat egintzan markatzea baino betegarriagoa? Ez ote du horrek kotizatzen erlazioen merkatuan? Nork zehazten ditu merkatu horren irizpideak eta nola sartu dira gure barrenean?