Txikikeriak

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Izagirre 2026ko uztailaren 18a

Ohikoa da arinkeriaz ebaztea zein egoera diren bizitzan aurre egin beharrekoak dramarik gabe eta zeintzuk izan daitezkeen ondoeza adieraztea legitimo egiten dutenak; gehienetan, norbere bizipenetik egin ohi dugu hau, geuretik unibertsalizatuz eta beste norbaitek ezberdin bizi badu honek sortzen digun arroztasuna entzun eta bestearena gutxietsiz, zuzen gauden ziurtasun osoz.

Epaitegian zigortua izatera iritsiko ez litzatekeen guztia da txikikeria? Geuk mingarri sumatzen ez dugun guztia izango litzateke txikikeria? Traumaren definizioa: momentuan dugun kudeaketa gaitasuna gailentzen duen bizipen oro.

Biluztasuna bere horretan traumatikoa da? Ez. Biluztasuna norberarentzat traumatikoa izan daiteke ezustean topatzen badugu, geure gorputzean sumatzen hasiak garen aldaketek sortarazitako ezerosotasun eta lotsa kudeatzen bagabiltza oraindik, geure eta besteen biluztasunarekin esperientzia ezerosoren bat izan badugu aurretik, eta abar.

Tratu txarra/ona zer den definizioaren oinarrian mina sentitu duena entzutea egon beharko litzateke, ezinbestean; entzun eta balioztatu. Ez noa sinesgarritasunaz hitz egitera, zeren nor gara gu beste baten sinesgarritasuna baloratzeko? Nork finkatzen du egia? Beste norbaitentzat guztiz normala den egoera bat biziki deserosoa izan daiteke beste batentzat, norbere historia eta bizipenen araberakoak direlako gure pertzepzioak, eta batarenak ez du bestearenak baino gehiago balio.

Baina kontuz! Norbere bizipenaz ari naiz, ni nola sentitu naizen egoera batean, neure sentipena ezin du beste inork definitu eta nik ez nuke beste inorena definitu behar. Gure ekintzek besteengan zer sorrarazten duten entzunaz bakarrik ikasiko dugu geure espazioan funtzionatzen, beste inorena okupatu gabe.