Baina, zer ote da benetan momentua bizitzea? Berdina esan nahi ote du guztiontzat? Egin ahal dudan guztia egitea ote da topera bizitzea? Erritmo horretan egiten ditugun gauzak gordetzen al zaizkigu nonbait? Hemendik bost urtera pizturik mantenduko diren oroitzapen goxoak izango ote dira?
Zein dira orain arte bizitakotik bereziki oroitzen ditugunak, gailurra egiteagatik lorturiko domina edo amama barrez lehertu zeneko eguneroko momentu xume bat? Ni neu izatea, nagoen lekuan, nagoen momentuan, eta bertan egotea, arnastea, hausnartzea, bizitzea, ez ote da nahikoa?
Bai, mundua hankaz gora dago, baina nola dago geure mundua? Ikasi eta irakasten al dut solidaritatea sustatzen? Gai al naiz ezberdin pentsatzen dutenekin elkarrizketa lasai eta sakona izaten, egia ezberdinak daudela onartuz?
Horixe da niretzat carpe diem, hemen eta orain, izan nahi nukeen modukoa izatea, izana ekinaz, egitean jarri gabe gozamenerako giltza. Autoestimuaren oinarrizko premisa dugu: izate hutsagatik maitatzea.