Amerikatik itzuli ziren euskaldunak asko izan ziren, neure birraitona-amonak barne. Nire amamaren anaia zaharrenak etorri ohi ziren bisitan, euskal txapela jantzita, hango euskal jaiez hitz egiten. Ez dut gogoratzen bertako jatorrizko hizkuntzen eta kulturen inguruko aipurik; hizkuntza kolonizatzailea –eurentzat ezaguna– onartu zuten erlazioetarako eta lanerako, eta arbasoen hizkuntza eta kultura zaintzen saiatu ziren.
Euskararentzat kolpe bortitza frankismoaren kolonizazio estrategiaren barne industrializazio gunea Euskal Herrian finkatzea izan zen; langile behar handia sortu zuen horrek, eta Estatu mailako langile klaseko migrazio masiboa eragin. Horrela aldatu zen gure errealitatea, euskal herritarren erdia gaztelera hiztun bihurtuz, oraindik ere euskara gutxietsia zegoela.
1979tik da euskara hizkuntza ofiziala EAEn. Euskara eta euskal kultura arriskuan jartzen duena migrazio interkontinentala dela pentsatzera tentatuak zaudetenak pentsa ezazue, momentu batez, ez ote den barneratua duzun pentsamendu kolonialaren ondorio; zeren zeure burua zapalduekin kokatzeko nahian, agian, zapaltzaileen logikara jo duzu.