EH Bilduk azalpenak eskatu ditu duela sei hilabete onartutako ibilgailu astunen murrizketan aurrerapenik ez dagoelako

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Ermua 2026ko martxoaren 25a

EH Bildu Ermuak alkateari eskatu dio publikoki azal dezala zein den 2025eko irailaren 30eko osoko bilkuran aho batez onartutako neurriaren izapidetze-egoera; izan ere, neurri horren bidez udalerriko hirigunetik igarotzen diren ibilgailu astunen zirkulazioa mugatzea erabaki zen.

Akordio haren arabera, Urtiako industrialdera zihoazen ibilgailuen zirkulazioa 24 orduz mugatuko zen, eta Goitondoko industrialdera zihoazenena, berriz, gaueko ordutegian (22:00etatik 08:00etara). Neurri hori babes zabala izan zuen erabakia izan zen, hirigunean ibilgailu astunek sortzen duten eragina murriztu eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko helburuz.

Osoko bilkura berean, Ermuko saihesbidea ya! herri plataformatik egindako galderei erantzunez, alkateak azaldu zuen neurriaren aplikazioa txosten juridiko eta teknikoen mende zegoela, bai eta alegazio-prozesu bat ireki beharraren menpe ere; horregatik, ezin izan zuen egikaritze-egutegi zehatzik eman. Hala ere, prozedura ez zela sei hilabetetik gora luzatuko adierazi zuen.

Epe hori igaro den honetan, EH Bildu Ermua-k beharrezkotzat jotzen du jakitea zer urrats egin diren orain arte eta zein egoeratan dauden izapideak. Gogorarazi du, halaber, alkateak berak ibilbide-orri bat zehaztu zuela, besteak beste, bideragarritasun-txostenak eskatzea, neurriari buruzko iragarki ofiziala egitea alegazioak jasotzeko eta, ondoren, alkate-dekretu bidez onartzea aurreikusten zuena.

Hala ere, gaur egun, 2026ko martxoaren 25ean, ez da informazio publikorik eman prozesu honen garapenari buruz, ezta neurriaren ezarpenari begirako aurreikusitako epeei buruz ere. Horren guztiaren aurrean, EH Bildu Ermua-k alkateari galdetzen dio zein egoeratan dauden gaur egun osoko bilkuran adostutako ordutegi-murrizketa ezartzeko izapideak, eta noiz aurreikusten duen udal gobernuak neurri hori benetan martxan jartzea.