Erronka hori handia zen: aldaketa sakonak eskatzen zituen, eta egoerari buelta eman eta emaitzak ikusgarri bihurtzea. Aldaketa horiek aurrera eramateko, oposizioko indarrekin lankidetzan aritzeko borondatea izan dugu beti; interes partidistak alboratuz, herritarren beharrak erdigunean jarrita.
Proiektuak herriarenak dira, ez alderdienak.
Gehiengo osoa izateak ez du baldintzatu gure egiteko modua. Elkarrizketa eta adostasuna lehenetsita, oposizioko indarrekin lankidetzan aritzeko borondatea erakutsi dugu uneoro eta prozesuetan herritarren partaidetza bermatzeko bideak ere planifikatu ditugu, kudeaketa modu horretarako beharrezkoa diren egiturak eraikiz. Bide horretan, azken aurrekontuek jasotako babesa adierazgarria da: PSE-EEren aldeko botoa eta EAJ-PNVren abstentzioa, herriarentzat estrategikoak diren proiektuak aurrera ateratzeko. Zerbait ondo egiten ari gara.
Azken hilabeteetan, ordea, EAJ/PNVk kontrako norabidean kokatzeko joera hartu du: Udal Gobernuaren lana etengabe kritikatuz eta utzikeria salatuz. Kritika politikoa naturala, sanoa eta ongietorria izanik ere, berau zintzoa izan behar da eta ez bazterrak nahasteko ahalegin hutsa.
Agintaldi honetan errealitate bihurtu ditugun proiektuak bere ekarpenarengatik soilik burutu direnaren “meritua” bereganatu nahiean ere badabil EAJ-PNV, denok jakin arren proiektu horietako askoren finantzaketa gobernukide zen PSE-EEk bideratu zituela, Aldunditik edo Jaurlaritzatik.
Oinarriak aurreko agintaldiaren amaieran zituzten zenbait proiektu kudeatu eta gauzatu ditugu bi urte hauetan. Hortaz gain, hainbat proiektu berri ere abiatu dira. Bereziki aipatzekoa da Olaldearen berritzerako lortutako 3.375.000€ko laguntza. Horrek erakusten du hainbeste sustatzen dugun elkarlanak (beste alderdi eta instituzioekin, zein eragile eta herritarrekin) bere fruituak ematen dituela gure herriarentzat.
Aurreko agintaldietan hartutako erabaki desegokien ondorio diren hainbat korapilo garrantzitsu askatzen ere aritu izan gara azken bi urteotan: prozesu ez-eraginkorrak, egiturazko arazoak zeuzkatenak...; eta horrek denbora eta espazio ugari eskatu dio udal kudeaketari bi urte hauetan. Esate baterako:
- Aurreko agintalditik herri erdiguneko piboteak egoera txarrean jaso genituen eta Udal gobernu honi egokitu zaio alternatiba teknikoak topatzea. Prozesu luzea izan den arren (teknikoki eta ekonomikoki bideragarria izan behar delako) 2025ko udan oposizioari aurkeztu ostean, guztion adostasunez erabaki zen proposamen berriarekin aurrera egitea. Erabakiaren parte izan arren prentsa oharra kaleratu zuen EAJ/PNVk sistema “modernoago” bat eskatzen, piboteen sistemaren ordezkatze prozesua martxan zegoela ezkutatuz.
- Herri sarreretan jarritako kamerek ez zuten behar bezala funtzionatzen eta aurreko agintaldian egindako inbertsioa alperrikakoa izan zen. Oposizioak horren berri badu, eta ordezkatzeko sistema aukeratu behar izan da.
- Zaharren Egoitzaren kudeaketan gardentasun falta salatu izan diote EH Bilduri, baina aurreko agintaldian zorrez gainezka eta egoera ekonomiko larrian utzi zuten Egoitza eta egoerari horri aurre egin behar izan dio Udal Gobernu honek.
- Herria txukuntzeko lanetan ere burubelarri jardun behar izan dugu, eta udal zerbitzuak berrantolatuz, errekurtsoak gehituz eta optimizatuz aurrerapauso nabariak eman dira. Oraindik ere zer hobetu badagoen arren, pozik gaude lortzen ari garen emaitzekin.
Ekipo sendoa eta kudeaketa eraginkorra
Udal gobernutik, proiektuak errealitate bihurtzeaz gain, Soraluzek beharrezko duen eraldaketa proposamenak osatu ditugu elkarlanean, epe luzeko begirada ezarriz eta soraluzetarrei bizimodu hobe bat eskaintzeko anbizioz.
2026rako Olaldeako urbanizazio proiektua definitu, Txurrukeneko ingurunea berritu, erdigunean komun publiko berriak sortu, futbol zelaiaren belarra ordezkatu, peatonalizazio sistema berria ezarri, Ezoziko parkea berritu eta etxebizitza plan bat garatuko dira, beste hainbat proiekturen artean. Eta hori guztia hirigintza hutsetik harago doan herri eredua eraikitzeko estrategiaren barruan, herri bati bizitasuna ematen dizkion herritarren partaidetza eta bizikidetzarako prozesuekin batera.
EHBilduk osatzen duen udal gobernuaren bidea argia da: taldea, proiektuak, kudeaketa eta lana. Lanean jarraituko dugu, gardentasunez eta eraginkortasunez, nahasmen, manipulazio eta alderdikerien gainetik, Soraluzeko herritarren interes orokorra ardatz, lankidetzarako prest dauden guztiak ongi etorriak izango dira.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei herri-ekimenetan erakusten ari diren inplikazioa eta arduragatik eta baita, azken hilabeteetako obra eta berritze lanek eragindako eragozpenen aurrean erakutsitako jarrera eta pazientziagatik. Denon artean ari gara Soraluze bizigarriago bat sortzen.