IRITZIA

EH Bildu (Deba): "Informaziorik gabeko komunikazioa"

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Deba 2026ko uztailaren 30a

Udalbatzarrean bildu ginen pasa den ostegunean, hilaren 23an, eta, ohiko bilakatu den moduan, agerian geratu ziren gai estrategiko eta garrantzitsuen kudeaketan gabezia nabarmenak. Udalbatzarreko bi gai hauez gain, udal gobernuaren egiteko modua eta jarrera erakusten duten intereseko gaiak ere ekarri ditugu.

Erresidentzia eraikitzeko lursailaren lagapena: Gipuzkoa Zainduz SA


• EH Bilduk ez du pasa den astera arte honen inguruko inongo berririk eduki. Gaia ez da Gizarte Zerbitzuetako batzordean ezta Zaintza Ekosistemako bilera batean ere landu.

• Luzaro zenaren Mogel kaleko lursaila Erresidentzia bat eraikitzera bideratzearekin ados agertu gara alderdiak, baina tamaina horretako erabaki bat ezin daiteke astebetean likidatu eta alderdiei dagokien informazioa eman gabe onartu. Lurraldetasun batzordera eraman zen gaia “lursailaren 75 urterako lagapena” onartzeko. Deialdiarekin batera hitzarmen zirriborroa bidali zen bakarrik, nahiz eta lursailari zegozkion bi tasazio dokumentuak ere bazituzten.

• EH Bilduren ordezkariak erabaki finko arrazoitu bat hartzeko nahikoa informazioa ez zuela adierazi zuen Lurraldetasun batzordean, eta udal gobernuari batzordean ahoz aipatutako argudioak idatziz jasotzeko eskatu zion. Hurrengo goizean jaso zuen argudioak zerrendatzen zituen dokumentua. Hitzarmen zirriborroa eta argudioen dokumentua aztertu ondoren, EH Bilduk bere zalantzak helarazi zituen idatziz, Udalbatzarrean edozein erabaki hartu baino lehen horiek erantzuteko eskatuz.

• Erantzun dokumentua hurrengo goizean jaso zuen EH Bilduk. Egindako galderei emandako erantzunak ez zuen inondik inora gure jakin nahia asebete, ez baitzen erantzuteko modu serioa izan: azkarra bai, baina ezin lausoagoa.

• Udalbatzarrean aztergaia lantzea egokitu zitzaigunean Alkatearen jarrera agerian geratu zen: 

1. Bi urteren ondoren Luzaroren eraispena Aldundiak hala eskatuta egin zela jakin dugu, baina hori ez jakitearen ardura EH Bildurena da “galdetu ez izanagatik”. Gainera gai honen lanketa ekainaren bukaeran hasi dela sinestarazten saiatu dira, baina horretarako frogarik eman gabe.

2. Idatziz Alkateak emandako erantzuna eta udalbatzarrean emandakoa ez datoz bat sozietatearen parte izateko aukera aztertzeari dagokionean. EH Bilduk eraispenaren kostua eta lursailaren balioa kontuan hartu behar zirela iritzi du lagapenaren baldintzak onartu aurretik.

3. Lagapena egitearen alde gaude eta zaintzarako azpiegitura eraikitzea nahi dugu, baina 75 urterako lagapen bat egin aurretik baldintzak ondo aztertu behar dira eta datozen hamarkadetarako egingo dugun azpiegitura baterako proiektu partekatu sendoa izan behar dugu. Argudio hauetan oinarrituta abstenitu egin ginen.

Agirretxe-San Josepe-Itziarko bidea asfaltatzea - Kreditu aldaketa aurrekontuan:

• Ekaineko Lurraldetasun Batzordean Itziarko bidea, Agirretxe eta San Josepe kaleen asfaltatzea egiteko asmoaz hitz egin zuen alkateordeak, eta, aurrekontuan jasota ez zegoenez, kreditu aldaketa egitea aurreikusten zuten.

• EH Bilduk begi onez ikusi zuen aukera hau, izan ere, kale horien egoera kaxkarra da. EH Bilduren zinegotziak alkateordeak azaldutako diru kopuruak urriegiak zirela adierazi zuen bitan, baina azaldutakoa egokia zela erantzun zen ezer ere begiratu gabe.

• Uztaileko Antolakuntza Batzordean kreditu aldaketa onartu zen aho batez, EH Bilduren babesarekin. Batzordean ez zen adierazi aurreko hilean aurkeztutako aurrekontuan akatsa zegoenik, nahiz eta jakin bazekiten.

• Uztaileko Lurraldetasun Batzordean aurreko hilean emandako datuak okerrak zirela onartu zuen alkateordeak, eta kaleetako bat bakarrik asfaltatuko zela adierazi. 

• EH Bilduren zinegotziak haiekiko begirunez jokatzea eta azalpenak “behar denean eta denboraz” ematea eskatu zuenean alkateordearen erantzuna honakoa izan zen: “Plenoan nahi duzuna bozkatu dezakezu”.

• EH Bilduk abstentziora jo zuen Udalbatzarrean udal gobernuaren jarrera eta egiteko modua salatzeko nahiz eta aurreko batzordean aldeko bozka eman eta interbentzio horren beharra nabarmendu.

Elizburuko garapen urbanistikoa:



• Elizburuko etxebizitza tasatuen lehen erabilera baimena eman zuen Udalak, baita horren inguruko albistea egin ere.

• Agirretxeko ur biltegia eraiki gabe dago oraindik. Ez dugu honen inguruko azalpenik jaso azken hilabeteotan, nahiz eta Udalak ur biltegia eraikitzea baldintza bezala jarri zuen.

• Grupo Eibarren kasetak eta obrako materialek etxebizitzen inguruan jarraitzen dute hainbat aparkaleku okupatuz. Lehen erabilera jasotzerako, eremuak txukun jasota egon behar zuen.

• 6.blokearen aurreko zebra-bide probisionalak hor jarraitzen du eta jada kenduta beharko luke.

• Alkatea azkar irten zen albistea ematera, baina bere ardurakoak diren lan hauek amaitu gabe daude oraindik.


Gudarien Plaza:

• Epeak ez dira inondik inora ere errespetatu eta udal gobernua unearen arabera proiektuaren moldaketak eginaz joan da. Duela hainbat hilabete eman genuen honen berri gure aldizkarian.

• Plazaren oinezkotzearekin batera autobus eta trenarekin lotura hobetzea aurreikusten zen. 

Ez dugu uste helburu hauek bete direnik:

1. Tren geltokia berritzeko proiektuaz ez dakigu ezer.

2. Tren zerbitzuaren hobekuntza urte hasierarako izango genuela agindu zuen Alkateak, baina horren berririk ere ez dugu izan.

3. Bus geralekuetako bat errepidea bera izatea ez zaigu behin betiko irtenbide egokiena iruditzen.

4. Herritarrei ez zaie proiektu honen inguruko informaziorik eman, ez proiektua hasi aurretik, ez eta proiektua egin den bitartean ere. Behin obra ia amaituta dagoenean Alkateak iritzi gutunak gurutzatzen hastea erabaki du lehenago emana beharko lukeen informazioarekin.

5. Epeak ez dira inondik inora errespetatu, obra honek aspaldi beharko luke amaituta. Atzerapen ezberdinak eskatuta ere, Udalak ez ditu bere konpromisoak bete.

 

Komunikazio zerbitzuaren kontratazioa:



• Komunikazio zerbitzuaren kontratazioa hiru kontratu ezberdinen bitartez egiten du udal gobernuak. Urtero gogorarazi diogu ez dugula uste hori zuzena denik, eta kontratazio hori zuzendu beharko lukeela.

• Apirileko udalbatzarrean Alkateak adierazi zuen kontratazioa ez zela irregularra. Horregatik Alkateari berari, idazkaritzako eta kontuhartzailetzako teknikariei kontratazioaren zuzentasunaren inguruko txostena egin zezatela eskatu genien honako galderak helaraziz:

1. Komunikazioko kontratazio espedienteak eskatutako baldintza legalak betetzen ditu?
2. Irregulartasunaren berri ez zaio eman Alkatetzari hiru urte hauetan?
3. Zein Teknikarik jaso du kontratazio horien zuzentasuna?
4. Alkateak zein Idazkarirekin komentatu du gai hau?

• Uztailaren 30ean 3 hilabete beteko dira erregistro bidez informazio eskaera hori egin genuenetik. Oraindik ez dugu erantzunik jaso. Argi ikusten denez, udal gobernuaren eta Alkatearen jarrera eta egiteko modua erabat opakuak dira. Hiru urte igaro dira agintaldi honi hasiera eman genionetik, baina hasieran ezjakintasunaren aitzakiapean ezkutatzen zena jardun arrunta bilakatu da. Gardentasun eza herritar, ordezkari politiko eta udal teknikarien borondatearen gainetik ezarri da.

Guri dagokigunean arduraz jokatzen jarraituko dugu ondo egindakoa txalotuz eta zuzena ez dena kritikatuz, baina errespetutik eta dagokigun erantzukizunetik.