Eguneko Zentroko hainbat erabiltzaileren familiek eskaera bideratu zuten aspaldi asteburuetako zerbitzua martxan jar zedin. Udal Gobernuko ordezkari batek zerbitzua martxan jarriko zuela agindu zuen, baina urtebeteren ondoren ez zen horrela izan. 2026ko apirilean eskaera erregistratu zuten familiek Gipuzkoako Foru Aldundian eta Debako Udalean, eta 4 hilabeteren ostean erantzunik jaso ez zutenez, abuztuan beste eskaera berri bat erregistratu zuten aipatutako bi erakundeetan.
EH Bilduren ordezkariok gertutik jarraitu dugu gaia eta, batzordeetan gure posizioa argi adierazteaz gain, erabiltzaileen familiekin bildu gara haien egoera lehen eskutik jaso eta informazioa ahalik eta modu zuzenean partekatzeko.
Gai honen kudeaketan eta informazioaren erabileran Udal Gobernuko ordezkarien arduragabekeria nabarmena izan da:
- Familiek ez dute apirilean eta abuztuan erregistro bidez egindako eskaeren erantzunik jaso, haien eskubidea denean. Bitartean, Orain Debako zinegotziak, Gizarte Zerbitzuetako arduraduna denak, Diario Vascori asteburuetako zerbitzua martxan jartzeko erabakiaren berri eman zion, Batzordean erabaki baino lehen.
- Orain Debako zinegotziaren adierazpenen artean ziurtatzen da “lizitazioa berehalakoa” izango dela, baina hainbat kontu argitzeko daude oraindik. Pleguak egiteko daude, eta lizitazio prozesuan gerta daitezkeenak ezin daitezke aurreikusi erabatean. Ez da serioa horrelako baieztapen bat egitea. Gainera aurrekonturik ez da onartu oraindik horretarako.
- Udal Gobernuko kideen arteko komunikazio eskasa ere agerian geratu da ostegun goizean izandako batzordean, izan ere, EAJk dio ez dutela abuztuan erabiltzaileen senideek egindako azken eskaeren berri, Orain Debak, ordea, berak baduela.
EH Bilduko ordezkariok irmoki adierazi nahi dugu erabiltzaileen familiei errespetua zor zaiela, eta horrela jokatzeak ez duela hori inondik inora hori bermatzen. Dagokigun arduratik, Udal Gobernuko ordezkariei eskatzen diegu errealitatea distortsionatzeari eta politika prentsa oharren bidez egiteari utz diezaiotela. Lanean seriotasunez aritzeko eskatzen diegu beste behin.