Etxea

Erabiltzailearen aurpegia Eider Aldalur 2026ko urtarrilaren 21a

Epela, goxoa, zurea. Segurtasuna eta babesa. Gotorlekua. Goizeko kafe egin berriaren usaina. Umel denean mantapean sartzeko aterpea. Udako eguerdietan zirrikituetatik sartzen diren eguzki printzak. Mahaiaren bueltako berriketaldiak. Bero denean haize freskoaren atezuan egindako siestak. Landareak ureztatzean eguzki bila dabiltzala ohartzea eta sukaldean  pasatako orduak. Zure ohearen epela. Sofak harrapatzen zaituen leku hori.

Egun teilatu bat izatea ez da kontu erraza. Ez da erraz loleku bat izatea. Ugari dira beheraino botatako pertsianak eta 15 buelta eta hiru sarrailarekin itxitako ateak, udako haizeak noiz etorriko zain. Leiho askok ilun jarraitzen dute, barnea hutsik. Prosegur eta enparauak pozik dabiltza aspaldian. Espekulazioaren logikak, beldurrek eta inork ukitu nahi ez dituen inertziek etxe horiek itzal bihurtu dituzte.

Etxebizitzaren negozioa. Eskubidea negozio.

"Bizileku bat izatea ez dela luxua ahaztu zaigu, beharra baizik. Oinarrizko eskubidea"

Soldataren zati handiena daramaten alokairuekin eta 30 urtetik gorako hipotekekin oso zail dago kontua. Bakarrik bizi  direnentzat ia ezinezkoa da. Emantzipatzea erronka handia da, kondena luzea sarri. Erosketa-prezioak gehienentzat ezinezko bihurtu dira. Estatistika batzuk ematearren, Gipuzkoan, azken hamarkadan %60 garestitu da etxebizitzaren prezioa; soldaten igoera, aldiz, %22koa izan da. Kalkulagailua atera dezakezue, baina zenbakiek ez diote gezurrik, neurriz kanpoko zorpetzea edo betiereko ziurgabetasuna soilik dira aukerak. Kostaldean dago kontua larrien, baina barnealdean ere arazoa gero eta handiagoa da.

Bizileku bat izatea ez dela luxua ahaztu zaigu, beharra baizik. Oinarrizko eskubidea. Administrazio publikoek ez dute gauza handirik egiten bitartean, partxe txikiak jartzera soilik iristen dira, baina ez dute arazoari errotik heltzeko interesik. Noiz arte puztuko da burbuila? Noiz lehertuko zaigu esku artean?