Zinemak edota musikak bizi dituzte garairik oparoenak, baina pantaila handian edota pabiloi eta estadioetan ikusten ditugun ekoizpenei gorazarre egiten diegun bitartean, aktore euskaldunak Madrilen egonaldi luzeak egin beharrean dira, diskoetxe eta argitaletxeak ateak itxi beharrean, teknikariak greban eta musikariak beti bezain prekario.
Gauzak horrela, uste dut hobe genukeela loreak afalosterako uztea eta kultur esparruan euskararako hautuaren baitan hedatzen diren diskurtsoei beste begi batzuekin begiratzea.
Izan ere, euskara liburuetara, pantailetara edo oholtzara naturaltasunez eramatea ondo dago, baina naturaltasun hori ezin da ulertu ibilbide historiko odoltsurik edota hiztun orok pairatzen diharduen zapalkuntza eta oinarrizko giza eskubideen urraketarik gabe. Nork bere burua erdaretan jardutera behartu beharrik ez izateak ere ez luke inor euskaraz modu kontzientean jardutetik eta honen ardura soziopolitikotik salbatu behar. Baina kontuz: ardura hori gure burua saritzeko baliatzea ere ez baitzaigu komeni. Ez diogu euskaraz aritzeko aldarriari muzin egingo, baina euskaraz aritzea bera nabarmendu beharrak normalizaziotik urruntzen gaitu.
Bestela esanda, ez dugu zaindu beharreko txantxangorri txiki, polit eta preziatu bat izan nahi, ez eta bere lumadia erakusgarriki aireratuko duen arranoaren hegaldirik ere. Euskarari behar duen tornuia eman baino ez.