Auzolotsaz

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxaniz

Haritz Dantza Taldea Aiastiako jaietan (2025)

Asteon izan ditu azken egunak aurtengo udak. Gure etxean, Euskal Herrian bi urtaro baino ez daudela entzun izan diogu sarri aitari: uda eta negua. Eta neguak ez du barkatzen. Irailaren hondarrean izan ohi diren jaiak oraindik ere uda giroan ospatu nahi izaten ditugun arren, sanmigeletan Aiastiako pilotalekuaren hotza izaten dugu zain neguaren iritsieraz jabetzeko.

Aurretik dantzan egiten dugu Haritzeko kideok, frontoira epeltasun apur bat eramateko saiakeran. Lortu ez dugu beti lortzen, baina auzotarrek esker onez aurten arte afaltzera gonbidatu izan gaituztenez, merezi izaten du saiakerak.
Azken asteetan taldekideok han eta hemen kontzertutxo batzuk emateko aukera izan dugun honetan, orain arte ez bezala eman diot balioa gurean kulturgileei jatordua eskaintzeko dagoen ohiturari.

Etengabe mainstream-a den horri begira jartzen gaituen kultur jardueren kontsumo eredu horren hauspotzeak erabakiak eta aurrera egiteko aterabideak zailtzea besterik ez dakar zirkuitu txikiko antolatzaileentzat. Eta oztopo horiek pairatzen dihardugularik ere, iruditzen zait gurean zirkuitu txikiak, oro har, asko zaintzen duela kulturgilearekiko tratua. 
Dena den, gizartean nagusi diren joerei jarraiki, kulturgintzan dihardugunon konpromiso politikoak edo kausaren alde aritzeko prestutasunak galera nabarmena izan du, eta uste dut kultur arloko jardueren balio edo kostuarekiko kontzientziazioa ere behar baino ahulagoa dela oraindik.

Ordu erdiko dantza emanaldi xume bat besterik ez da izango bihar dantzariok Aiastian egingo duguna, aparteko sofistikazio eta parafernaliarik gabea; gastuak gastu, auzoko jaien bizigarri izan dadin nahi genukeena. Afariak ohi baino zapore gaziagoa izango du, ordea, aurten hori ere gastuen artera batu zaigula jakinda. Lehen aldiz neguarekin batera lehortea iragarriz datoz aurtengo sanmigelak. Auzoa lo eta lotsa auzoan.