2000ko uztailean hil zen Felix Iñurrategi, 33 urterekin, Himalaiako Gasherbrum II tontorretik beherako bidean amilduta. Hamabigarren zortzimilakoa zuten Iñurrategi anaiek ordukoa. Besteak beste, Everest entzutetsuan ere izanak ziren zortzi urte lehenago.
Planetaren garaiena zapalduta etxera itzultzean, ordea, ez dut uste bi anaiei Kurtzebarriko tontorra txiki geldituko zitzaienik. Eta horixe du, hain zuzen ere, balentriak pozgarri: herriko mendietan egindako bidea tontorrik eta garaienera eraman izana, handik itzulita, ostera ere beren bidera itzul zitezen.
Jar ditzagun gaztetxe edo areto txikiak orain herriko mendien lekuan, eta har ditzagun pabiloi handiak goi-menditzat. Aparretan dirudi uneotan olatuak, baina ez nuke esango urak bide hori oso berea duenik. Areago, euskal panorama musikalaren erakusleihotzat jotzen ari garen makroekitaldi hori zapalkuntza bati esker nagusitzen den eredu hegemoniko batekiko mendekotasunaren isla dela iruditzen zait. Botere-harreman horretan zapalduak garela ahaztarazten digu, gainera.
Uste dut ez garela ohartzen ari makroaren logika mikroa den hizkuntza baten markoan aplikatu behar horrek eragin diezagukeen kalteaz; pabiloi handietan gero eta musikari gehiagori lekua egin ahala, kontzertu programatzaile txikiei ezartzen ari garen oztopoez; estimuluz eta hit-ez jositako ikuskizunak kontsumitu ahala, talde apalago baten ordu eta erdiko kontzertu xume bat ikusteko galtzen ari garen gaitasunaz… Hots, goi-mendietako turistifikazioari bide ematen diogun bitartean, gure mendietako bideak jaten ari diren sasiez.
"Igo nazazu nire mendira, aurki dezadan bidea, askatu nadin zure loturaz, behar dezadan airea", idatzi zuen Jon Maia bertsolariak 2000. urtean, Felix Iñurrategi hil berritan. Gaur ere gure mendiak izan daitezke loturetatik aske arnasteko bideak.