Ermua kalera aterako da gaur, gerra eta genozidioa salatzera

Erabiltzailearen aurpegia Ermua Palestinarekin Ekimena 2026ko apirilaren 24a

Ermua Palestinarekin Ekimenak AEBek eta Israelek Iranen eta Libanon abiatutako gerra inperialistaren aurkako elkarretaratze berri bat antolatu du ostiral honetarako, apirilaren 24rako, baita herri palestinarraren genozidioaren amaiera eskatzeko ere. Izan ere, Trumpen Plana eta su-eten faltsuaren aldarrikapenaren ondoren palestinarren esterminioa ez da gelditu. Elkarretaratzea 18:30etan hasiko da Ermuko Plazan.

Deitzaileek salatu dutenez, Israelek, Estatu Batuen laguntzarekin, Palestinako Herria akabatu eta inguruan izan ditzakeen babesekin amaitu nahi du. Une honetan Iran eta Libano eraso dute, lehen beste herrialde arabiarrekin egin duten bezala, otsailaren 28tik milaka pertsona erahilez. Libanoko egoeraren larritasuna nabarmentzekoa da; izan ere, Israelgo armadak herrialdearen hegoaldea okupatu eta suntsitu du, eta milioi bat pertsona baino gehiago kanporatu dituzte beren lurraldetik, Gazan azken 2 urte eta erdian zigorgabetasun osoz aplikatutako ereduari jarraituz.

Hain zuzen ere, Gazako genozidioaren aurrean nazioarteko komunitatearen pasibotasuna eta konplizitaeak eskuak libre utzi dizkio Israeli, palestinar herriaren sarraskiarekin jarraitzeko,  herrialde berriak erasotzeko eta Palestinan, Libanon eta Sirian lurralde berriak anexionatzeko.

Horregatik, Ermua Palestinarekin ekimenak uste du funtsezkoa dela herritarrak kalera ateratzea, Euskal Herriko, Espainiako eta Europako erakundeei exijitzeko Israeli behingoz zigorrak ezartzea eta berarekin gaur egun oraindik mantentzen dituzten harreman ekonomiko, politiko, edo militar guztiak eten ditzatela. Halaber, armamentu-industriaren edo NATOren gisako aliantza militar inperialisten bidez gerretan duten inplikazioa amaitu behar dute. Beharrezkoa da egoera honetan mundu desmilitarizatu, zuzenago eta gerrarik gabeko baten aldeko apustu irmo eta garbia egitea.