Udal- eta foru-gobernuen inplikazio falta salatu du Saihesbidearen Aldeko Plataformak

Erabiltzailearen aurpegia Ermuko Saihesbidea - Variante Ya

Erdian, Carlos Alzaga Azpiegituretako foru diputatua, Bizkaiko Batzar Nagusietan adierazpenak ematen. 

Ermuko Udal Gobernuak trafiko astuna murrizteko ezarritako neurriak aldatzeak beste atzerapauso bat dakar konponbideak bilatzeko bidean. Bestalde, Carlos Alzaga Azpiegituretako foru diputatuaren azken adierazpenek agerian uzten dute Bizkaiko Foru Aldundiak proiektuarekiko duen aurreikuspen- eta konpromiso-falta.

‘Ermuko Saihesbidea - ¡Variante ya!’ herritarren plataformak salatu du udal-gobernuak eta foru-gobernuak ez dutela behar besteko konpromisorik hartzen, ezta neurri eraginkorrik abian jartzen ere, trafiko astunak Ermuan eragiten dituen arazoei erantzuteko. Alde batetik, Udalak trafiko-murrizketak aldatzen jarraitzen du, horiek benetan betetzen direla bermatu gabe. Bestetik, Bizkaiko Foru Aldundiak, saihesbidea eraikitzeaz arduratzen den erakundeak, ez du oraindik zehaztu noiz amaituko den herritarrek urteak daramatzaten azpiegitura hori eskatzen.

Plataformaren ustez, Ermuko Udalak trafiko astunari ezarritako murrizketetan egindako aldaketek beste behin erakusten dute herritarrekiko konpromiso falta. Murrizketa horiek trafiko astunak eragindako kalteak arintzen lagundu beharko lukete saihesbidea eraiki bitartean; baina, aplikazio-baldintzak aldatzen badira eta neurriak betetzen direla bermatzen ez bada, eraginkortasuna galtzen dute. Egoera bereziki kezkagarria da Urtiaren kasuan, Areitiotik trafiko astunarentzat beste bide bat baitago. Plataformaren iritziz, bide alternatibo bat izanik, justifikaezina da kamioiek herrigunea zeharkatzen jarraitzea, indarrean dauden murrizketak berme guztiekin aplikatu gabe. Horri gehitu behar zaio, plataformak salatu duenez, murrizketak urratzen direla, baina urraketa horiek ez dutela zehapenik ekartzen.

Bestalde, Carlos Alzaga Azpiegituretako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan egin berri dituen adierazpenek agerian utzi dute berriro Ermuko saihesbideari dagokionez Bizkaiko Foru Aldundiak duen aurreikuspen falta: foru arduradunak lehen faseko obrak hasteko aurreikuspenen eta bigarren faseko proiektua prest izateko epeen berri eman du, baina ez du azpiegitura osoa noiz amaituko den zehaztu. Zehaztasun falta hori bereziki larria da, proiektuak dagoeneko pilatu dituen atzerapenak kontuan hartuta. Aldundiak aurrez baieztatu zuen Urtiako tarteko obrak hasteko atzerapena, eta, ondoren, jakinarazi zuen Goitondori dagokion proiektuaren idazketa beste bi urtez luzatuko zela, 2029ra arte. Aldaketa horiek arriskuan jartzen dute bi faseak aldi berean edo denbora-tarte gainjarrietan gauzatzeko aukera, eta saihesbidearen amaiera hasieran iragarritako epeetatik gero eta gehiago urruntzen dute.

Plataformaren ustez, foru diputatuaren azken adierazpenek aspalditik salatzen ari diren errealitatea berresten dute: Aldundia ez da gai hartutako konpromisoak betetzeko, ezta Ermuko herritarrontzat funtsezkoa den azpiegitura horretarako egutegi fidagarri bat eskaintzeko ere. Gainera, plataformak uste du Azpiegitura Sailak sinesgarritasun guztia galdu duela Ermuko herritarren aurrean, bete gabeko promesak, egutegi-aldaketak eta behar adinako aurrerapenik ekartzen ez duten azalpenak direla eta. Ez da nahikoa proiektuen idazketarako aurreikuspen berriak iragartzea edo obrak hasteko konpromisoak berriro adieraztea. Epe zehatzak ezarri, bete eta, betetzen ez direnean, erantzukizunak bere gain hartu behar dira.

Plataformaren iritziz, bi erakundeen jardunak kezka eragiten duen inplikazio falta erakusten du, herritarren bizi-kalitateari, atsedenari eta segurtasunari zuzenean eragiten dien arazo baten aurrean.

Horregatik guztiagatik, Ermuko Udalari eskatzen diote trafiko astunari ezarritako murrizketak betetzen direla bermatzeko, arau-hausteen aurrean neurri eraginkorrak hartzeko eta egindako aldaketak desegiteko. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diote saihesbidearen bi tarteak gauzatzeko egutegi errealista eta loteslea aurkezteko, epe argiekin eta horiek betetzeko bermeekin.

Saihesbidea ezinbesteko azpiegitura da Ermuarentzat. Erakunde arduradunek bete gabeko promesak alde batera utzi behar dituzte, eta, ekintzen bidez, arazoa konpontzeko benetako borondatea dutela erakutsi.