Erraketak omenaldirako aitzaki

Erabiltzailearen aurpegia Esti González Larrañaga 2026ko martxoaren 14a

Maria Rosario de Cruz Molina "Chari"erraketista eta Quetzaleko erakusketa.

Orain hilabete pasa iritsi ziren Ermura, kutxa baten, Malagatik gurera arteko bidaiarako ondo babestuta: bi erraketa, duela 55 urte euren azken pilota partidua jokatu zutenak. Maria Rosario de Cruz erraketistak bidali zituen, bere jaioterrira, pilotan trebatzen hasi zen txoko estimatura itzuliko ziren ilusioz. Erraketok bistaratu beharra zegoen eta gure herriak izan dituen 12 emakume erraketista profesionalak omentzeko aitzakia bihurtu ziren.

Martxoaren 8a data egokiena zen gurean erraketan jokatuz bizimodua atera zuten 12 emakumeak omentzeko, euren etxeak eta familiak atzean utzi eta oraindik neskato paraje ezezagunetara pezetatxo batzuk irabaztera irtetzeko ausardia izan zuten haiek. Eibarko erraketista eskoletan pilotaren modalitate horretan entrenatzen hasi eta Euskal Herritik kanpoko frontoietan Ermua ezizenarekin maila profesionaletan jokatuko zuten euretako askok. 

Kirolarietako bat Maria Rosario de Cruz Molina, kantxan Chari modura ezaguna, hamabiotan gazteena eta jokatzeari utzitako azkena izan zena. Azkenetan azkena gainera, ze Madrid Frontoia 1980 urtean itxi zuen erraketista koadroko pilotarietako bat izan zen, modalitateari amaiera eman zion taldekoa. Ermuan ikasi zuen Charik pilotan, eskuz eta beti mutilen kontra lehiatuz, eta hementxe maitemindu zen betiko pilota-jokoarekin. 25 urterekin bizitzak Madrilera ereman zuen, senarrarekin arma-denda bat zabaltzeko proiektua tarteko. Madrid Frontoian erraketistak behar zituztela irakurri zuen behin; aurkeztu, froga bat egin eta bi egunetara debutatu zuen. Sei urte beranduago, frontoiaren behin betiko itxierarekin batera utzi zion erraketan jokatzeari, ez gutxi gozatu ostean. 

Aspalditik zebilkion ideia buruan: bere erraketak jaioterrira bidaltzea, “nire Ermua estimatura, nire sustraietara, nire bihotza beti dagoen horretara” dionez, nolabait eskertu guran pilotan trebatzen ikasteko  aukera berton izana, pilotaria izateko ametsa betetzeko bidea zabalduz.


70. hamarkadako erraketa profesionalak.

70eko hamarkadan beraien azken pilotakadak astindu zituzten bi erraketa iritsi dira Ermura, gorriz apainduta bata eta urdinez bestea. Charik dionez, koloreek ez zuten zerikusirik janztea zegokion gerrikoarekin, bai ostera soken tentsioarekin eta jartzen zizkieten pilota motekin: azken hau zenbat eta astunago orduan eta gogorrago ematea eskatzen zuen, eta ondorioz sokak are tenkatuago egon behar. “Pilota astun eta motelekin, pisu gutxiago zutenez, indar gehiagoz jo behar zen eta erraketa urdina ateratzen nuen orduan, aurrekariaren pilotakadak indargabetzeko”. Sokak nasaitu ez daitezen bere egurrezko armazoiz estalita etorri dira eta momentuz ikusgai daude Zubiaurre kaleko Quetzal arropa-dendako erakusleihoetako baten. Bertan jaso dira ere Ermuarekin lotura duten eta momentuz ezagutzen diren errakestisten argazki bana eta kirol datutxo batzuk, hurrengo zerrendan irakurgai.

LUCIA AREITIOAURTENA ISASI-ISASMENDI, LUCIA
(Ermua, 1925 - Donostia, 2019)
Bartzelonan jokatutako atzelaria.

MIREN JOSU ASTARLOA CAREAGA, MIREN
(Ermua, 1921 - Bilbo, 1989)
Bartzelonan jokatutakoa.

CONCEPCIÓN BUSTINDUI GARATE, CONCHITA
(Berriatua, 1927- Markina-Xemein, 2026)
Bartzelonan eta Mexikon jokatutakoa.

MARIA ROSARIO DE CRUZ MOLINA, CHARI 
(Ermua, 1948)
Madrilen jokatutako aurrelaria.

MAITE GORROTXATEGI POTENTE, ERMUA
(Sestao, 1926)
Sabadellen, Tortosan, Bartzelonan eta Logroñon jokatutako aurrelaria.

HIPOLITA IBAIBARRIAGA ORMAETXEA, POLI 
(Ermua, 1914- Bartzelona, 1942)
Madrilen, Valentzian eta Bartzelonan jokatutako atzelaria.

IRENE IBAIBARRIAGA ORMAETXEA, IRENE
(Ermua, 1918 - Ermua, 2014)
Madrilen, Valentzian, Bartzelonan eta Donostian jokatutako aurrelaria.

MARIA ROSARIO IBAIBARRIAGA ORMAETXEA, ROSARIO
(Ermua, 1909 – Ermua, 1999)
Salamancan jokatutakoa.

VICTORIA IBAIBARRIAGA ORMAETXEA, BITXORI
(Ermua, 1920 - Donostia, 1992)
Madrilen jokatutakoa.

PETRA LIZASO AREITIOAURTENA, PETRONA
(Lekeitio, 1902 - Madril, 1977)
Madrilen eta Habanan jokatutako atzelaria.

ROSARIO ZUBIZARRETA TXURRUKA, ERMUA I
(Ermua, 1918 - Segovia, 2002)
Salamancan eta Madrilen jokatutako atzelaria.

ELADIA ZUBIZARRETA TXURRUKA, ERMUA II
(Ermua, 1923 - Sevilla, 2020)
Salamancan, Bartzelonan eta Madrilen jokatutako atzelaria.

Argazki galerian daude, ordena jarraituz: Rosario Zubizarreta, Rosario Ibaibarriaga, Petra Lizaso, Maite Gorrotxategi, Lucia Areitioaurtena, Irene Ibaibarriaga, Hipolita Ibaibarriaga, Eladia Zubizarreta, Conchita Bustindui, Chari de Cruz eta Bitxori Ibaibarriaga.