Galdera horien harira, garai nahasiotan gero eta agerikoagoa da mendebaldeko oligarkiak, AEB eta Israel buru direla, mundua beren interes ekonomiko eta politikoen arabera antolatzen ari direla. Eta Mendebaldeko krisiari irtenbide militarra ematen ari zaio.
Horrek ondorio zuzena du: langileon bizi-baldintzak okertzen ari dira, pobrezia handitzen eta desberdintasunak areagotzen. Ez da kasualitatea. Ekialde Hurbilean gerra eta genozidioa eguneroko ogi bihurtu dira. Gurean, gerra eta krisi orokortuaren eraginak ez dira urruneko errealitateak. Aspalditik ari gara nabaritzen krisiaren albo-ondorioak, eta Irango gerrak areagotu besterik ez ditu egin: enpresen itxierak, lanpostuen galera, soldaten gainbehera eta bizitzaren garestitzea. Horrek guztiak zuzenean kolpatzen gaitu gure egunerokoan.
Testuinguru honetan, argi dago gatazka hauek ez direla "kanpoko arazoak". Gutxi batzuen interesak defendatzeko antolatutako sistema batek langileon bizitza baldintzatzen baitu, hemen zein munduko beste leku batzuetan. Hortaz, langileon batasuna eta antolakuntza inoiz baino beharrezkoagoak dira, kontzientzia hartzeko eta etorkizun justuago baten alde urrats sendoak egiteko. Horregatik, Maiatzaren Lehenean, Debabarrenetik ere gure aldarrikapenak Iruñeko kaleetara eramango ditugu.