Segurtasunaren izenean errepresioa legitimatuz

Erabiltzailearen aurpegia Gorane Ayesta Maidagan 2026ko ekainaren 27a

"Segurtasunaren izenean" ia edozer justifikatua dagoela dirudi, baita munduari buelta eman dion Global Sumud Flotillako Loiuko harrerako gertakaria ere. Beste behin, logika bera erreproduzitzen ari ote da? Batzuenganako indarkeria eta gehiegikeriak; besteen ekintzekiko justifikazioa eta inpunitatea. Bitartean, "ordena publikoa bermatzeko" neurri gisa aurkezten digute errepresioa. Baina noren segurtasunaz ari dira?

Bistakoa da segurtasunaren diskurtsoa ez dela beti herritarren eskubideak babesteko erabiltzen. Maiz, desadostasun politikoa kontrolatzeko tresna bihurtzen da: herri mugimenduak deslegitimatzeko, gobernuaren irudia zalantzan jartzen duten ahotsak zigortzeko... Ohiko kontakizuna errepikatzen da: tentsioa zegoen, arriskua zegoen, esku hartu behar zen.

Horrela normalizatzen dira karga polizialak eta indarkeria instituzionala, eta pixkanaka murrizten dira herritarron eskubide zibil eta politikoak: protesta eskubidea, adierazpen askatasuna, kolektiboetan antolatzeko eskubidea, polizia gehiegikerien aurreko babesa…

Horregatik, Zupiria Segurtasun sailburuak esandako "hau da uda honetan datorkiguna. Eta zein da aitzakia?" bezalakoen atzean herri mugimenduarekiko kriminalizazio kanpaina bat dagoela uste dugu, batetik, Loiun gertatutakoaren ostean foku mediatikoa alboratzeko, eta, bestetik, aurrerantzean etor daitezkeen jarrera eta ekintza errepresiboak justifikatzeko.

Beraz, helburua ez da herriaren segurtasuna bermatzea, disidentzia seinalatzea baizik. Baina, jokoan dagoena gure eskubideak direnean, tinko erantzungo diogu datorrenari.