Ezin dugu ahaztu, ordea, miseria, pobrezia eta migrazio-fenomenoak sortzen dituen sistemaren aliatu fidelak direla.
Sozialdemokraziak, eskuin muturraren diskurtsotik bereizten bada ere, mugak, deportazioak eta migratzaileen kriminalizazioa mantentzen ditu bere migrazio-politiken bidez.
Euskal Herrira etorrita, irailaren 2rako, PPk eta Voxek arrazakeria eta faxismoa hedatzeko mobilizazioak antolatu zituzten, eta haiei aurre egiteko mobilizazio antifaxistak ere izan ziren. Zupiriak, beste behin, antifaxistak kriminalizatu zituen, faxismoa normalizatuz eta haren aurka mobilizatzen garenak bizikidetzaren etsai gisa aurkeztuz.
Honek haserrea, mina eta kezka eragiten dizkit: nola liteke Ceutako tragedia humanitarioa interes politikoen arabera baliatzea, jarrera arrazista eta faxistei lekua ematea eta, gainera, haien aurka mobilizatzen garenok kriminalizatzea?
Ez gara etsaiz nahastuko. Faxismoa indartu eta antifaxismoa kriminalizatzen dutenen aurrean ez dugu atzera egingo. Mobilizazioa eta antolakuntza dira gure tresnak, eta langile-klasearen batasuna erdigunean jartzeko baliatuko ditugu, inolako bereizketarik gabe eta gutxien dutenen alde borrokatuz.