Ondo? Ez, hobeto

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Agirrezabala 2026ko martxoaren 13a

Urte bat izango da erantzun hau erabiltzen hasia naizela. Orain bi urte izango dira gure Anje egun berean etorri eta joan zitzaigula, eta, laguntza eskatzearen ondorioz, orain hobeto gaude. Kosta zitzaigun kalera irtetea eta Debara etortzea. Gehienbat, jendearen gurekiko jarreraz beldur ginelako. Baina harriduraz konturatu ginen jendeak guri beldur gehiago zigula, eta, ondorioz, gertatzen da ezer ez esatea, begirada jaistea… –intentzio txarrik gabe, noski–, zer esan ez dakigulako horrelako galeren aurrean.

Asko sufritu dugu biok. Eta biok esaten dut, situazioak izan direlako non nire aurrean amari bakarrik galdetzen zaion ea zer moduz dagoen, aitaren sufrimendua ikusezin bihurtzeraino. Osasun publikora laguntza psikologiko eske joan eta ni kanpoan utzi, nik ere umea galdu dudan arren.

Sufrimenduaren ikuspegi honetaz ez gara kontziente norberak bizi duen arte, baina gogor eragiten du doluan.

Ulertzeko, orain estreinatu berri duten Aitatxo dokumentala ikustea gomendatzen dizuet, lau aitaren testigantzak biltzen dituena, gai hau azaleratuz.