Herri aldizkarien etika ala politika

Erabiltzailearen aurpegia Iker Lauzirika 2026ko uztailaren 31

Duela hilabete inguru, Xabier Mugarzak idatzitako Genero terraplanismoa izeneko iritzi artikulu transfoboa saretik ezabatzea erabaki zuen Goiena hedabidearen Puntua aldizkariak, Debagoieneko mugimendu transfeministaren eskariz. Erabakiaren aurrean, zenbait iritzi-emailek haserrea adierazi dute hedabide ezberdinen bitartez.

Gaiak bi alderdi ditu. Alde batetik, iritzi artikulua bera dago. Zis gizonez osatutako kuadrilla batek emakumeen esentzia “transen mehatxutik” babesteak ez du iruzkinik ere merezi. Gutxiengoak ukatuz boterea erreproduzitu, hori da egiten dutena, gatazka ulertzeko inolako interesik gabe.

Bestalde, iritzi artikulua ezabatzeko erabakia dago, eta ados nago hau ez dela konponbide aproposena izan. Horrek aukera eman die ahobero hauei “zentsuraz” hitz egiteko. Badirudi beraiek direla kolektibo gutxitua, euskal gizarteak isilarazia. Aldiz, errealitatea da beraien iritzia dela hedabide eta sare sozialek sistematikoki bultzatzen dutena.

Ostera, iritzi artikuluaren ondoan komunikabidearen iritzi editoriala salaketa argitaratuz edota mugimendu transfeministari aurre egiteko espazio bat utziz, erantzun irmoagoa eman zezaketen, adibidez. Noski, herri aldizkarien neutraltasuna eta pluralismoa aldarrikatzen duten horiek haserretzeko are eta arrazoi gehiago izango lituzkete, komunikabidearen muga politikoak agerian geratuko bailirateke.

Aitzitik, herri aldizkariak sareko foroetatik zerbaitetan desberdintzen badira, iritzi kritikorako duten gaitasunean da. Boterearen erreprodukziorako zenbait kanal dauden honetan, oraindik ere kontrabotererako arnasgune diren medioen ardura da diskurtso erreakzionarioei aurre egitea. Soilik horrela mantenduko dira denok parte hartzea merezi duten espazio.

Gaur trans auzia da, baina bihar immigrazioa edo polizia izan daitezke. Euskal Herria ez dago diskurtso zapaltzaileetatik salbu, eta erronka honek egoerei aurre hartu eta determinazioz jokatzea eskatzen du. Bestela, mugak argi izan gabe, badakigu zein den helmuga.