Denak ez du balio

Erabiltzailearen aurpegia Iker Lauzirika

"Euskadi desberdina dela" diote politikariek. Hemen ez omen dago Espainiako lokatzik. Ez dugu Espainiako zaratarik. Berri txarrak. Azken asteetako gertakariek pikutara bidali dute ustezko bakea. 

Urrian izan genuen lehenengo pasartea, Aratz eta Malen terrorismoagatik atxilotu zituztenean. Zantzu guztien arabera muntaia poliziala badirudi ere, komunikabide batzuek eta zenbait adierazpenek borroka armatua itzultzeko arriskua zegoela iradoki zuten.

Bigarren pasartea Vito Quilesen Bilboko deialdiaren osteko liskarrekin etorri zen. Agitatzaile ultraeskuindarraren aurkako mobilizazioen antolatzaileek argi utzi zuten ez zutela horrekin harremanik. Berdin izan zitzaien batzuei. Gertakariek ezker eragileen biolentzia erakusten omen zuten.

Azkenik, aurreko astean, EH Bilduk Guardia Zibila euskal polizia baino nahiago zuela zioen kartel bat zabaldu zuen EGIk. Bertan, ezker abertzalea "berriz ere" Intxaurrondora joan dela zioen, bertako kuartelean jazotako torturez barre eginez. Torturatuen aurkako gorroto diskurtso argia, Europako Kontseiluko irizpideak kontuan hartzen baditugu.

Benetan baldin bagara Espainiarekiko desberdinak, orain da erakusteko unea. Erakutsi behar dugu ETAren kartak ez duela balio gure joko politikoan. Kaleko mobilizazioen legitimitatea babestu behar dugu beldurraren kanpainaren aurka. Argi izan behar dugu gorroto diskurtsoak ez direla onargarriak, eta torturatuek errespetua merezi dutela.

Nolabaiteko herri bat osatu nahi badugu, ozen esan behar dugu: denak ez du balio.