Dentela, body-ak eta emakumezkoentzat egindako arropa janzten ditut, bizitzak kolore gehiago behar dituelako, eta ez daude El Corte Ingleseko gizonezkoen atalean. Bertan dena da iluna, grisa, marroia, eta, zortea izanez gero, agian, urdina. Hala ere, nire erabakiak galderak dakartza armairua irekitzean: Zer esango dute? Egokia al da? Arriskutsua? Neure buruari azken galdera hau egiten diodan bakoitzean, bere jatorriaz jabetzen naiz: hainbat irain, iruzkin, begirada, barre… Batzuetan, ausarta naizela esaten didate, eta amorrua ematen dit, Hollywoodeko diskurtsotik ateratako zerbait delako, eta ez dudalako ausarta izan nahi, aske baizik. Hori, hain zuzen ere, aldarrikatzen dugu feministek eta trasnmaribibollook behin eta berriro. Goxotasunetik esaten dute; dena den, horrek agerian uzten ditu gurasokeria eta oraindik ere indarrean dagoen araua –arropak generoa daukala–, eta nik araua haustu nahi dut, behin betiko.
Zoritxarrez, arrazoia dute, ausartak izan behar dugu, gorroto delituek gora egiten dutelako eta bueltan direlako modaz pasa ziren jarrerak. Horregatik, askotan beldurrari aurre egin eta nire hautuari eusten diot, kaleak ere borrokarako gunea baitira eta babesten nauen sarea baitut: LGTBI+ mugimendua. Arbasoek borrokatu zuten guk gaur erabaki ahal izateko, emakume transek beren gorputza jarri zuten gu gaur egun bizi ahal izateko. Beraz, izan arraro, desbideratu eta anormala, eta guk oratuko zaitugu; izan ere, transmaribibollook kolektiboan dihardugu –elkarretaratzean oihukatu genuen bezala–, ondorengoei kolorez eta askatasunaz beteriko mundua uzteko.