Antolakuntza- eta koordinazio-lanak oso txikiak eta errazak dira, eta oso diru gutxirekin finantzatzen da. Gutxi eskatze hori, baina, programan parte hartzen duten bidelagunei esker da. Eurek hartzen dute programaren ardura nagusia, eta, gainera, ez dute txikitarik ere kobratzen. Badira asteroko tertulia-dinamikan hamar urte baino gehiago diharduten bidelagunak, eta ikasturte-amaieran ematen diegun erregalutxoa baino ez dute jasotzen bueltan.
Bistan da dena ez dela diruarekin ordaintzen! Askotan entzuten dugu, handik eta hemendik, lan boluntarioa gainbehera datorrela, jendea ez dela ezertan mugitzen, baina, zorionez, oraindik bada herrigintzari lotutako lan boluntarioa egiten duen jendea, eta ez euskalgintzan bakarrik. Beraz, 25 urteotan Tertuliak programako bidelagun-rola bete duzuen guztiok egindakoa goraipatu eta txalotu nahi dut, programaren 25. urteurrenean gaudela aprobetxatuta. Eta, zelan ez, dakizuena praktikan jarri eta ez dakizuena ikasteko helburuarekin Tertuliak programan izena eman duzuen bidelari guztion ahalegina ere nabarmendu nahiko nuke. Elgoibarren jende asko da euskaldunagoa Tertuliak programari esker. 25 urte, 225 hilabete, 900 aste-ordu, 40 bidelagun inguru eta 170 bidelari baino gehiago! Tertuliak programak bere baitan ezkutuan dituen kopuruak dira. Bistaratu egin behar ditugu, eta haiei balioa eman.
Ane, etxean bada ere, ospatu zuk ere urteurrena, zu ere bidelaguna zara-eta.