Emakumeen nazioarteko eguna

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Lopez 2026ko martxoaren 13a

Amalia Galarraga Azkarrunz

Martxoaren 8ko aldarrikapen egunaren oihartzunetan sarritan azaltzen dira, besteak beste, Clara Campoamorren irudia eta feminismoak Euskal Herrian izan duen bilakaera. Campoamor Lausanan (Suitza) hil arren, Donostiako Polloe Kanposantuan dago hilobiratuta.

Orain ez dela denbora asko hara gerturatu nintzen, ez bere hilobia bisitatzera, baizik eta Wikipediaren arabera Donostian jaio eta hantxe lurperatuta zegoen beste emakume baten hilobia ezagutzera.

Emakume hau eta bere ahizpa orain mendeurrena betetzen duen Madrilgo Lyceum Club Femeninoren sorreran izan ziren. Borrokan jardun zuten garai hartan puri-purian zeuden hainbat aurrerapauso lortzeko; batzuk II. Errepublikaren etorrerarekin lortu ziren: emakumeen boto eskubidea, emakumearen ahalduntze eta burujabetza…

Ospe handiko emakumeak ziren klub horretako bazkide: Clara Campoamor bera, Victoria Kent, Maria Maeztu, Zenobia Camprubi, eta baita gure bi ahizpa hauek ere: Amalia eta Josefina. Amalia klub horretako zuzendaritzako partaidea izan zen, diruzain karguan.

Ez dirudi elkarte honetako partaide izatea postureo hutsa zenik. Amaliaren oinordekoek gogoratzen dute bere etxean sortzen ziren eztabaida literario, kultural eta politikoetan emakumeek berdin-berdin parte hartzen zutela, inongo oztoporik gabe –gogoratu garai hartan emazteak senarrari eskatu behar ziola onarpena edozein gauzatarako–. Ez hori bakarrik, Amaliaren alaba izan zen Karrera Diplomatikoan –gizonen esparrua– sartu zen lehenengo emakumea Espainiako Estatuan.

Egun, bilobek bere ospea azaltzeko eman izan duten hitzaldietan adierazi dute ez dakitela garbi euren amama nongoa zen: agian, Donostiakoa; noizbait ausartzen dira esaten Eibarkoa zela.

Polloera egindako bisitan ez nituen ez Amalia ezta Josefina ere aurkitu. Ez dira erregistroan ageri. Bai, ostera, beren neba. Beraz, Wikipediaren bigarren akatsa: ez dago Donostian hilobiratuta. Eta lehenengo akatsa: ez zen Donostian jaio, ezta Eibarren ere.

Amalia Galarraga Azkarrunz Plazentzian jaio zen, 1885eko uztailaren 8an; eta Josefina Galarraga Azkarrunz, 1900eko abuztuaren 27an. Hala dio Gipuzkoako Elizbarrutiko Artxiboan dagoen Plazentziako Bataioen Liburuak.