EuskAHALdunon komunitatea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iñurrieta Labaien 2026ko maiatzaren 8a

Ahalduntze tailer batean dihardut. Euskaraz eroso sentitzen ikasi nahi dut, ahal den guztietan, ahalik eta jende gehienarekin. Horrek erdararen alderako sumisioa noraino sartuta dudan konturatzea eskatzen dit. Eta sumisio horren azpian zenbaterainoko indarkeria ezkutatzen den: zenbat debeku, gutxieste, izutze, lotsarazte, isilarazte… Zenbaterainoko zapalkuntza.

Ez da erraza hori lau saiotan lortzea. Gehiago beharko ditut. Ondo bidean, ahalduntze psikologikoa lortuko nuke hala, baina ondoren etorri beharko dute, besteak beste, ahalduntze ideologikoak, dialektikoak, didaktikoak. Zertarako? Gure ametsa, euskaraz bizitzea, arrazoi garbiz azaltzen ikasteko euskara errazegi baztertzen ohitu diren euskaldun epelei, eta gure artean bizitzera etorri berri direnei, eta aspaldian edo betidanik hemen bizi izanik ere gure nahi hori ulertzen ez dutenei, edo are mespretxuz edota amorruz hartzen dutenei.

Ahalduntzea askoren kontua izatera iritsitakoan, sarea osatuko dugu elkarrekin, euskahaldunon komunitatea.