Etxebizitza duin, egoki eta eskuragarri batean bizitzeko eskubidea aitortua dugu herritarrok legez; baina, nafarrek soldataren %40 erabiltzen dute alokairua ordaintzeko, eta bizkaitarrek, gipuzkoarrek eta arabarrek, berriz, soldataren erdia baino gehiago: %52. Aterpea ordaintzeaz gain, jan, jantzi, ikasi, dentista, okulista, mediku, psikologo eta abarrak ordaindu behar ditugu, jakina!
Soraluzeren kasuan 2018tik 2023ra ia %20an egin du gora alokairuaren prezioak. Horrez gain, 2013-2023 urte arteko datuei erreparatuta, Debabarrenean, Gipuzkoan eta EAEn, oro har, lehen etxebizitza nagusi edo ohikoak diren etxeen kopuruak gora egin du. Soraluzen, ostera, alderantzizkoa da joera, %1,6 hazi da etxebizitza hutsen kopurua. Hazkundea txikia bada ere, esanguratsua da, EAEn Soraluze baita herri bakarra igoera izan duena.
Etxebizitza ez da kapritxoa, bizi proiektu bat eraikitzeko ezinbesteko oinarria baizik. Etxegabetzeak amaitu, espekulazioari mugak jarri eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko, sindikatuek eta hainbat eragile sozialek greba orokorrerako deialdia egin digute azaroaren 11rako. Egoera iraultzeko eta herritarron oinarrizko eskubideen defentsa egiteko kalera ateratzea beste aukerarik ez dugu. Kaleak duintasunez eta erantzukizunez hartu eta konplexu barik etxebizitza negozioa amaitzearen aldeko aldarria ozen entzungo da Euskal Herriko kaleetan ere.
Eta panorama horrekin, Soraluzeko azken Udal Batzarrean "ETXEBIZITZA NEGOZIOA ETEN" dioen pintaketa izatea Udal oposizioko alderdi nagusiaren kezka iturri oso adierazgarria iruditu zait.