Adibide batekin hasiko gara: gaur egun ez da lan erraza euskara bakarrik dakien norbaitekin topo egitea. Dela gaztelaniarekin dela frantsesarekin Euskal Herrian –dela ingelesarekin diasporan–, euskarak badu norekin lehiatu gure ahotik irteten diren hitzen jabe izateko. Hizkuntza-ukipen egoeretan, non hizkuntza bat baino gehiago kontaktuan dauden, zaila da hizkuntzen arteko oreka mantentzea; alegia, bi hizkuntzak maila berean egotea. Kasu horietan, euskara hizkuntza gutxitua da, beste hizkuntza boteretsuago batekin bizi dena. Orduan sartzen dira hizkuntza-politikak jokoan, hizkuntza gutxituen mantentzeaz eta biziberritzeaz arduratuko diren politikak.
Horrez gain, elebakartasuna hiztun idealaren mitoarekin lotu izan dela pentsatzen dut, hizkuntza batean soilik hitz egiteak hizkuntza horren maisu edo maistra bilakatuko bagintu bezala. Are larriagoa da txanponaren beste aurpegia: hizkuntza bat ama-hizkuntzatzat ez izateagatik –euskaldun zaharra ez izateagatik– zilegitasun txikiagoa-edo duzulako ideia hedatuta dago. Euskalduntasunaren txartela lortu beharko bagenu bezala.
Elebakartasunarekin hasi banaiz ere, eleaniztasunarekin bukatu nahi nuke. Elebakarren beherakadan, eleaniztunek egin dugu gora. Zaindu eta babestu ditzagun hizkuntzak –batez ere, gutxituak– eta ospa dezagun hizkuntza-aniztasuna eta hizkuntza-aberastasuna.