Euskal festak, Madrilen

Erabiltzailearen aurpegia Irene Macazaga 2026ko maiatzaren 8a

Norberaren kultura gorestea modan dago. Nazioartean, Bad Bunnyk Puerto Ricori eskaini dio bere azken lana; Quevedok, Kanaria uharteei. Gurera etorrita, ziur dagoeneko bururatu zaizkizuela euskal kulturari lotutako zenbait ekoizpen.

ETS taldeak Madrilen ospatu duen euskal festa hartuko dugu hizpide. Egia esan, erronka izan da niretzat konbinazio hau ulertzea: euskal festa + Madril. Areago, Movistar Arena gehituta ekuazioari. Ez diot euskal kulturak ez duela lekurik Euskal Herritik kanpo, baina uste dut ETSren diskurtsoarekin kritikoago agertu beharko genukeela.

Goazen euskal festak ospatzera leloaren atzean hamaika galdera ezkutatzen dira, eta horien erantzunak ez datoz bat euskal festen ideiarekin. Zein da euskal festen tradizioa? Zein da helburua? Non egin izan dira? Nola finantzatu eta antolatu izan dira?

Zenbait eragilek salatu dute ETSren kontzertua asko urruntzen dela euskal festetatik: autogestioan oinarritzen den, herri-lana sustatzen duen eta aktibismo politikorako espazio bihurtzen den eredutik, enpresa pribatuek finantzatzen duten, mezu politiko neutro bat duen eta kapitalismoan oinarritzen den negoziora –ikusi, gainera, Urangaren iritzia; Barren, 1370. zenbakia–.

Badirudi "euskal kultura" entzun, eta azkar ahazten zaigula euskal mainstreamak zer balio sustatzen dituen; eta, are okerrago, ez gara kontziente euskarak ez duela lekurik sistema horretan.