Jaiak eta herri-lana

Erabiltzailearen aurpegia Irene Macazaga

Elgoibarko gazte-talde bat ibaia garbitzen. 

Joan dira San Bartolome jaiak, eta joan da uda ere. Iruditzen zait ikasturtearen hasierarekin azkar aldatzen dugula buruan darabilguna, azkar entretenitzen dugula burua lanera bueltatzearekin, eta, noski, egunerokotasunak dakartzan gainontzeko ardurekin. Nik, ordea, tartetxo bat hartu nahi dut jaietan oinarrizkoa den herri-lanari buruzko hausnarketa txiki –eta azaleko– bat egiteko.

Herri-lanaren oinarria kemena da; aurrean mila oztopo izango dituzula jakinda, sinestea aurrera jarraitzea merezi duela. Adibide bat, beste askoren artean, ibai-garbiketarena da. Urtero, abuztuaren 22an, Elgoibarko gazte-talde batek ibaia garbitzeko hautua egiten du. Maalatik hasi eta Kalebarren plazaraino ibaian gora. Erabaki hori hartzen dutenek jakin badakite hurrengo egunetan –ez bada hurrengo egunean bertan– ibaira begiratuz gero han aurkituko dituztela dozena erdi aulki eta pare bat mahai.

Jaiak gizartearen erakusle dira: gehienek festa egin dezagun, gutxi batzuk atzean dabiltza lanean. Gizarteko beste edozein esparrutan bezala, jaiek ere bi bertsio dituzte: askea bata, instituzionala bestea. Bakoitzak egin dezala bere aukera. Ziur nago jaietan izan dela gustatu zaigunik, eta baita gaizki iruditu zaigunik ere. Beraz, errutinaren mamuak itsutu aurretik, hausnartzeko tarte bat hartzeko gonbita egiten dizuet, jaiak denonak direlako, eta denok dugulako zer esan.