Lasterketako ohiko parte hartzailea izan den emakume batek sareetan salatu du lan egin zuen enpresan tratu txarrak jasan zituela eta antolatzaileek, jakinaren gainean egonik, enpresa hau onartu zutela lasterketaren babesletzat. Ezustean harrapatu gintuen berriak, baina ez zitzaigun hain harrigarria egin. Horrelakoen aurrean, munduarentzat beti da errazagoa bati aurre egin baino besteari lepoa ematea. Beti da errazagoa behar denean busti baino horiekbesteenkontuakdira-ka jardutea; barkamena eskatu baino gehiago, kosta ahala kosta nork bereari gogor eustea.
Erratzeko eskubidea unibertsala da berez. Hala ere, ezin ahaztu dezakegu erabaki bakoitzaren olatuak atzetik uzten duen uberan nork egiten duen lasai igeri, eta nor geratzen den itotzear, aterako duen beso bat aurkitu nahi eta ezinda. Sortzen diren konplizitate-sareetan nork josten dituen neurrira hariak, bihur daitezen batzuentzat euskarri baina besteentzat amarru. Erabaki-bide errazago hori eskura daukanak soilik har dezake. Besteoi tokatzen zaigu korrontearen aurka igeri egitea, uretan doazen kideei eskua ematea eta sareak korapilo are estuagoz jostea, denontzat bizigarri izan daitezen.
Pasako dira egunak, jaitsiko da marea eta bueltatuko zaizkigu barrenak lekura, baina har dezagun tarte bat bakoitzarengan utzitako oihartzunei erreparatzeko, ur horrek higadurak non sortu dituen aztertzeko. Akaso, ur handiak ez dira lehenengo aldi baterako hain kokaleku bortitza, bigarrenerako utzi beharko lehen aldietatik kontatzeko ditudanak.