Urte hasieran kaponsantu bideko farolak hautsita agertu ziren. Handik aste batzuetara herriko plazako komun publiko berrituak puskatuta aurkitu genituen eta inguruko pareta txukunduak, iraindun pintadez zikinduta. Garai berean eskola-baratzako etxolak kalteak jasan zituen. Erromeria Egunaren ondoren kaleko farola ugari beste behin erasotuak izan ziren Itziarko herrigunean. Orain dela gutxi, Burugorri eraikinean kokatutako ludotekara sartu, armairua pintadaz desitxuratu eta musika aparatua lapurtu zuten.
Errepikatzen ari diren gertaerek adierazten digute ez direla kasu isolatuak edota besterik gabekoak. Ondare publikoaren kontrako apurketa eta ekintza bandaliko hauek onartezinak dira. Portaera horiek agerian jarri eta deitoratu nahi ditu Itziarko Auzo Udalak adierazpen honen bidez.
Gertaerak gaitzetsi eta herritarrak ohartarazteaz gain hainbat neurri hartu beharrean gara:
- Honaino iritsita, salaketa ofiziala jarri da udaltzaingoan eta Ertzaintzara bideratu da.
- Egileak azaleratzeko ikerketa ekar dezake salaketak. Eragindako kalteak ordainaraziko lirateke, ahal den neurrian.
- Herritarrekiko konfiantzan orain arte erabilgarri izan diren zerbitzuak mugatu egingo dira. Honela, Burugorri eraikineko sarbidea murriztuko da, giltza berriaren kopiak jakineko pertsonei banatuz. Herriko plazako komun publikoak, aldiz, itxi egingo dira sortutako egoera argitu bitartean.
- Antzeko gertaerak ugalduko balira, zainketa bitartekoak jartzea baloratuko da.
Itziarko Auzo Udala erakunde txikia da eta gaitasun ekonomiko apala du lehendik. Honelako kalteek eragin zuzena dute guztiona den ondarearen mantenuan. Egindako apurketen konponketak 10.000 euro inguruko kostua izango du, herriko aurrekontutik hartua.
Batez ere kezkagarria da Itziarren babestu nahi dugun elkarbizitza eta herrigintza ereduarekiko portaera hauek dakarten degradazioa. Bihurrikeria soiltzat hartu eta gutxiesteak halakoak normalizatzea baimendu dezake, eta orduan heziketa arazo baten aurrean ginateke. Joera tamalgarri hauek bideratzeko herritar guztiok arduraz eta gizalegez aritzeko deia egiten du Itziarko Auzo Udalak.