Aspaldiko loreak

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Etxegibel Soraluze 2026ko urtarrilaren 23a

Paper zaharren artean bila zebilela, aspaldiko gutun-azal bat aurkitu zuen komodako kaxoian. Desberdina besteen aldean. 1990eko abuztuak 3 irakur zitekeen oraindik, posta-zigilu kolorea ia guztiz galdutakoan. Lagun batek uda hartan Debatik bidali zion eskutitza zen. Hala zioen atzealdeko idatziak. Zumaiako uda amaiezinak gogoratu zituen, ekainean hasi eta irailera arte irauten zuten haiek. Pentsatu zuen orain baino handiagoak zirela distantziak lehen: luzeagoak denboran, zabalagoak espazioan.

Gutuna irakurtzen hasi zen, eta sentipen arraro bat atzeman zuen berehala. Ezezaguna zitzaion laguna, ezezaguna idazteko modu hura, ezezagunak protagonistak; ez zuen ezer ulertzen. Ez zekien nori buruz ari zitzaion berbetan, zeharo arrotza eta ezezaguna zen guztia. Zaila zen laguna gutuna idazten irudikatzea, bihotzak marrazten; are zailagoa berak gutuna jaso zuenean sentitu zuena asmatzea. Segur aski, barrez lehertuko zen garai hartan, eta, orain, berriro irakurtzea bakarrik nahi zuen, ezjakintasun sentipen arraro hark alde egin zezan. Denboraren botereaz ohartu zen derrepente, ahatzarazteko eta gogorarazteko duen ahalmenaz. Aspaldiko kontuak, aspaldiko loreak. Behinolako mezu eternalenetan.

Ispilu interesgarriak direla berba zaharrak esaten da, geure buruei buruz esaten ez ditugun denak gordetzen dituztela. Laguna eta bere burua ez zituen ispiluan ezagutu, baina. Errealitatearen irudi distortsionatu bat ikusi zuen soilik. Lagun bien bertsio nerabea.
Eskutitza erakustea pentsatu zuen, baina ez du gogoratzen non gorde zuen. Memoria.