Poztu

Erabiltzailearen aurpegia Izaro Etxegibel Soraluze 2026ko martxoaren 6a

40. Goya sariak banatzeko ekitaldia egin zuen Bartzelonan Espainiako Zinema Akademiak igaro larunbatean. Maspalomas euskal filmeko interpretazioagatik aktore protagonistarik onenaren saria jaso zuen Jose Ramon Soroizek. 

Hunkituta eta eskertuta, filmeko pertsonaia gorpuzteak oso zoriontsu egin duela aitortu zuen. Gala zuzenean jarraitu ez zenutenok ere entzungo zenituzten adierazpenak, jada, edo ikusi irudiak.

Saria eurena dela esan zien zuzendariei Soroizek, eta ekipo guztiarena. Zoragarria dela gertatzen ari zaiona, oso zoriontsu egin dutela, eta munduko Vicente guztiak ere hala izan daitezela. "Baita ere eskaini nahi dizuet Goya hau jaso dudanean poztu zareten guztioi, zuena ere bada eta!".

Lander Arretxearen Ezinezko misio bat izeneko artikuluan irakur daiteke Euskal Herrian euskarazko ikus-entzunezkoak inoiz nagusi izango badira, dela zineman, sarean edo telebistan, arrisku handiagoak hartu ditugulako izango dela, edota ikus-entzunezkoen eremutik haragoko eraldaketak gertatu direlako. Sortzaileek misio edo zama osagarri bat dute, pantailetan dago etorkizuna, euskal hiztun gehiago eta trebatuagoak sortzea, ekoiztea edo munduratzea da helburua.

Zer gara, gu geu ez bagara?

Filmaren bukaeran, mutil gazte bat ikusten du Vicentek hondartzan; hurbiltzen zaio, eta irribarre polita duela esaten dio. Eta ez hori bakarrik, besteengan gustatzen zaiguna esan egin behar dela. Eta Franco Battiatoren musika entzuten da. Planoa urruntzen den heinean, urertz zoragarria bistaratzen da, itsasoa urdin, eguzki izpiak indartsu uretan.