Handienak liluratzen bagaitu ere, txikienean ere bada zer miretsi. Galaxia batean ehunka mila milioi planeta egon daitezke; baina DNA molekula bakar batean ehunka mila milioi atomo, eta, gure baitan, milaka milioi DNA molekula.
Txikienarena izan da, hain zuzen ere, gizakiok urrunago eraman dugun muga. Gaur egun gai gara materia atomoz atomo aztertu eta manipulatzeko. Honen erakusgarri dira, besteak beste, espazio-ontzien kontrolean ezinbestekoak diren mikrotxipak.
Paradoxikoki, beraz, espazioaren konkista infinitesimalean hasi da: Ilargira iristeko, lehenik eta behin, atomoak menperatu behar izan ditugu. Etorkizunean ere, aurrerapauso handienak txikienean egon daitezke, material berriak edo energia-iturri eraginkorragoak garatzera eraman gaitzaketenak.
Burua altxatzean espazio mugagabea ikusten dugu, baina hemen behean ere bada aukera mugagabeak dituen espazio bat. Richard Feynman-ek esan bezala, "atomoen unibertso bat, atomo bat unibertsoan" baino ez gara.