Gogoan dut Julio Sotok bertsoaldi batean bizitza osoa pertsonaia bat antzezten pasatu duela kantatu zuenekoa. Antzezpena etetea edo berrabiaraztea izan liteke borrokatzea edo errenditzea. Sistemaren egitura prefabrikatuen kontra jardun duenak onartu dezake berak ere, agian, harreman normatibo aspergarri bat izan nahiko lukeela traidore sentitu gabe.
Guraso batek momentu batez azukrearen satanizazioari entzungor egin eta 3 urteko haurrak bertso saioaz gozatzen utz diezaion, bat ez, bi izozki erostea arrazoizkoa da. Autoan L-a daraman neskak eskatu gabeko jarraibideak eman dizkion gizonari irribarre adeitsu bat eskaini diezaioke, nahiz eta barrutik ehun aldiz madarikatu. Nik neuk larrialdietan erdaraz artatu ninduen medikuari, aurpegi txarrik jarri gabe, erdaraz erantzun nion, besterik gabe. Batzuetan, errenditzea da borrokan jarraitzeko modu bakarra.