Tontotu egingo nintzen, edo ingurua gehiegi erotuko zitzaigun, batek daki. Atsotitzak dio lehoi eria osasuntsua baino arriskutsuagoa dela, eta nago AEBak ez ote dabiltzan motoa erosi eta tatuatzen hasi den señor dibortziatuarena egiten. MG autoak eta Xiaomi segapotoak erosten dituen munduaren aurrean, puntako teknologiaren erakustaldiak egin nahian dabilen, Guardia Iraultzailearen baseak jo beharrean eskolak jotzen dituen arren. 80ko hamarkadan, apartheid-aren Hegoafrikak inoiz baino gogorrago egin zuen eskubide zibilen defentsan zebilen jende-oldearen aurka, jakitun zelako denbora agortzen ari zitzaiola, gero eta ezinezkoago zitzaizkion helburu handinahiak –arma nuklearrak eta abar– lortu nahian tematzen zen bitartean. Urte gutxiren buruan, erregimena goitik behera jausi zen.
Agente laranjak gerra irabaztetik "very close" dagoela errepikatzen digun arren, desesperazioaren atzaparkadak ageriko daude. Munduko lehen armada operazio gerrillari zikin baten bidez presidente bat bahitzen ikusi dugu, armadaren burua uharte erraldoi bat anexionatzeko haurtxoen tankerako purrustadaka zebilen bitartean. Hori gutxi ez, eta Euskal Herriaren tamainako estatu genozida baten presioz, bere suhiak engainatuta, mundu zabalaren aurrean lotsagorrituta gelditzeko tenorea ere izan du, 90 urteko liderrak erailda zerbait aldatuko zen esperantzaz.
Disparosunidos haurrak atxilotzen eta hauteskundeak manipulatzen barne odolusten ari den bitartean izango ditugu erokeria gehiago oraindik ere; hori ziurtatu dezaket, behintzat. Zeintzuk? Sagardotegiko bidean esandako bera: "Ez dakit". Bitartean, Xenpelarren bertsoak kantatu beharko: Gerra nai duben guziya, berari kendu biziya!