Apirilaren 23an liburuaren eguna da eta Liburutegia denontzat taldeak bere azken ekimena egingo du Kultur Elkartean. Ekimen honekin taldeak zeukan helburua lortu zuela ospatu eta egindako ibilbidean zehar jaso dugun elkartasuna bueltan eman nahi diogu Debako herriari ipuin kontaketa formatuan. Horretarako gurekin izango dugu Alberto Bargos (Kiribil doktorea) ipuin kontalaria, zeinak “Kiribil doktorea animaliak salbatzera” kontaketa egingo duen 17:30ean Kultur Elkartean. Ipuin kontaketa eta gero, bertaratutakoentzat tailerra egingo du. Ekimen hau, Liburutegia Denontzat taldeak bere jarduna eta ekimenak finantzatzeko asmoz poltsak saltzen atera zuen dirua erabiliz ordainduko dugu.
Kontaketa herriko liburutegian izatea nahi genuen, eta liburutegiari proposamena egin genion kontaketa liburutegian bertan egiteko. Harrituta jaso dugu ezezko erantzuna. Ez da posible izan, baina hala ere, egingo dugu, kultur elkartean.
Pozik gaude lortu dugunarekin: urte luzeen ondoren, 2025eko ekainetik denok dugu liburutegian sartzeko ordutegi bera, eta 2 urte baino gutxiago duten umeak ere izan daitezke liburutegiaren parte. Hau dena, herritarrei esker izan da. Liburutegia Denontzat taldeak, bere helburuak lorturik, bukaera emango dio bere ibilbideari. Orain jarrai dezagun herritarrok liburutegia izan daitekeen zerbitzu aberatsaren alde egiten gure umeekin hara bertaratzen, erabiltzen, ekarpenak egiten, proposatzen, udal liburutegia denona da eta.